*HONDAKINEN GAIKAKO BILKETA*

 Hondakinen gaikako bilketa zer norabide hartzen ari den ikusita, datozen
Udal Hauteskundeetarako eztabaidagai politikoa bihurtu baita, GARDENekook
garbi utzi nahi dugu zer pentsatzen dugun.

 Jakina denez, 2013ko martxoko udalbatzarrean, AHO BATEZ onartu zen
(alegia, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu zuten)
GARDENek aurkeztutako mozio bat. Mozio horretan, Eibarren hondakinak gaika
biltzeko sistema 5. edukiontzikoa deritzona izatea eskatu zitzaion udalari.

 Nahiz eta jakin sistema horrek beharbada gabezia batzuk dituela, haren
alde egiten dugu beste aukeren aurretik, zenbait ezaugarri kontuan izanda
(Eibarko orografia, zenbait tokitako biztanle-dentsitatea, kostuak,
erosotasuna, eta abar) eta sinetsita arduraz eta profesionaltasunez jokatuz
gero haren emaitzak beste edozein sistemaren parekoak izan daitezkeela.


 Sistema hori bultzatzeko, Udalarekin elkarlanean jarduteko zeregina jarri
genion geure buruari. Zenbait bilera egin ostean, Eibarko Hondakinen Mahaia
izenekoa jarri zen martxan, eta bertan parte hartzen dugu. Ahalik eta
hondakin gehien gaika biltzea beste helbururik ez daukagu, eta ahalik eta
azkarrena biltzea, jakina. Guretzat, ez da nahikoa Europar Batasunak
jarritako epeak betetzen joatea: zenbat eta gehiago aurreratu, horrek are
bizi-kalitate hobea ekarriko du eta kostuak nabarmen jaitsiko dira, eta
aurrezpen hori beste esparru batzuetan erabil daiteke.

 Eibarko Hondakinen Mahaian, ekarpenak egiten ditugu, gure ustez oraintxe
azaldutako helburuak betetzen laguntzen dutenak (edukiontzi berdeari txipa
jartzea, informatzea eta sentsibilizatzea, dinamizatzaile bat kontratatzea,
kronograma zorrotzagoa izatea, zer hondakin eta non utz daitezkeen azaltzen
duten eskuorriak banatzea, eta abar). Beti ez dugu lortzen gure
proposamenek harrera ona izatea. Hala ere, astiro-astiro, emaitzak hobetzea
lortu da, nahiz eta lehenbailehen gainditu beharreko geldiune bat gertatu
den azken hilabeteetan. Azpimarratu nahi dugu azkarrago aurrera egingo
genukeela eta askoz emaitza hobeak lortuko genituzkeela parte-hartze
handiagoa izango bagenu, Mahaian bertan esan izan dugun bezala.


 Azalpen honen ondoren, eta aukera politiko guztietatik aparte dihardugula
argi eta garbi utzita –gure iritzirako, gai tekniko bat baita-,
politikariei eskatzen dieguna hauxe baino ez da: ez dezatela segi gai hau
politika-eztabaidetako gaitzat erabiltzen datorren udal hauteskundeetan eta
etorkizunekoetan; ez dezatela gai hau erabili ezta lortutako emaitzaren
ondoreneko harrokeriaz ere; arma jaurtigaitzat ere ez; ezta sistema honen
babesletzat ere.


 Eibar garbiago eta Hondakinen Gaikako Bilketan laguntzaileago baten alde.
Denok batera.



 ************************************


 *GARDEN*


 2015eko apirila
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to