Asierren blogean parrafo hau irakurri dut (postaz ere bidali badu ez naiz konturatu)
> Baina kirolariak gara? Ez. Azken 40 urteotan
> Eibartik irten den ganorazko futbolari bakarra
> Pizo Gomez izan da; azkenengo pilotaria Migel
> Gallastegi izan zen (eta aspaldi jubilatu zen),
> eta munduko bizikleta guztiak egin dituen herrian > ez dugu sekula txirrindulari bakar bat izan.
Futbolari, pilotari eta txirrindulariena adibide onak dira bai. Eskubaloia ere aipatuko nuke nik. Eta ez da goi mailako kontua bakarrik. Orain urte batzuk Eibar futbol taldeak kadete eta jubeniletan inguruko gazteen entresaka egiten zuen, eta beraz Eibar kamisetarekin Elgoibar, Ermua, Soraluze, Markina edo Debako jokalariak ikusiko zenituen, baina Eibarkorik apenas. Ez dakit orain nola dabiltzan baina antzerako izango da. Eskubaloian Arrate gaztetxoekin hasita hasten da han eta hemen fitxatzen. Eta ziklismoan Debabarrena afizionatu mailako talde sendoeenetakoa bihurtu da azken urteotan, baina eibartarrik ez bertan.
Orain, hain zuzen ere artikuluari bidea eman dion antxitxiketalarien kontuan, Martin Fiz eta Diego Garciaren hutsuneen ondoren, eta Kamel Zianiren atzetik, azken urteotan Euskal Herrian egon den maratoilarik onenetarikoa Eibartarra da: Asier Cuevas. Eta hori aipatzeko modukoa da. Batez ere, Eibarren korrikalari batek non entrenatu dezakeen pentsatzen hasita. Orain Unbe dago, baina Asier korrikalari zaildua zen Unbe sortu orduko (gainera azken urteotan Azpeitialdian (!) jardun du entrenatzen) eta makina bat kilometro egindakoa oso baldintza txarretan.
Atletismoaren kontua oso kuriosoa da Eibarren. Inolako azpiegiturarik ez zegoen garaian atera ziren kirolari onenak eta orain Atletismoko pista dagoenean ia ezer... Adibidez gogoan dut Cristina Larrea, jabalina jaurtiketan Espainiako onenen artean ibilitakoa. Non demonio jaurti zezakeen jabalina Eibarren? Nik banuen lagun bat jabalina jaurtitzaile zebilena eta entrenatzeko Arratera, Olabeko kanpara joaten ginen. Entrenatzaileak kotxe txikia zuen, Seat 127 edo halako bat, eta han sartzen ginen pare bat korrikalari eta jaurtitzailea. Baina jabalina ez zen kotxean kabitzen! Beraz, leihotik eskua atera, eta jabalina kanpoan helduta joaten ginen Arraten gora. Gogoan dut negu gorrian, demaseko hotza kanpoan, eta eskuak izoztu egiten zitzaizkigula, beraz, txandaka ibiltzen ginen eskua ateratzen jabalinari eusteko.
oier.
_______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
