Espainiar gizartea beldur da euskaldunok mendira joko ote dugun.
Euskeraz
ala erderaz esan, esaldiak zentzu ezberdina du. Euskeraz, mendi-joera
mendira igoteko zaletasuna baino ez da. Erderaz, ostera, gainditu beharreko
arrisku edo tentaldia. Behar bada normala da. Euskaldunok, mendira joko
badugu, ez dugu urrutira joan beharrik, mendiartean bizi gara-eta.
Mendietatik urrin bizi direnentzat, berriz, mendia leku basati samarra da.
Euskaldunok mendia maite dugula konturatzeko ez dago asteburutan
Formigal
edo Luz Ardidenera joan baino eta zenbat eskilarik dakien euskaraz entzun.
Euskaldunen proportzioa gehitu egiten da eski alpinoa izan beharrean
fondokoa baldin bada, are gehiago mendigoizaleak badira eta zer esanik ez
eskalatzaileen artean. Datu objektiboa da: Gorbeiara igoten diren
gasteiztarrak igoten ez direnak baino euskaltzaleagoak dira.
Eztabaida sortzen da, ordea, mendizaletasun hau interpretatzerako
orduan.
Nik esango nuke, oro har, euskal gizartea espainiar gizartea baino
mendizaleagoa dela eta, aldi berean, kirolzaleagoa, naturazaleagoa eta
berdeagoa. Baina, mendi-joera hau zer da, baserritarkeria ala modernitatea?
Euskal gizartearentzat mendia bertatik bertara dagoen ingurua da,
mendizaletasuna jatorra eta osasungarria da: gu gara mendia. Espainiar
gizarte kalekumearentzat, aldiz, �mendia� leku esotikoa da eta mendizaleak
jende uzkur eta fidagaitza. Gu asteburua noiz helduko mendiaz gozatzeko eta
espainiar gizartea beti beldurrez noiz gu mendira joko.
Eta ez gero pentsa estatistika hutsetan ari naizenik. Aznarri dominoan
jokatzea gustatzen zaio eta Ibarretxeri, berriz, mendateak igotea. Imazek
sei orduko mendikadak egiten dituen bitartean, Raxoyk hamabi euroko zigarro
puruak ditu nahiago. Ez dago sintoniarik: Zapatero beldur da euskal
gizarteak mendira joko ote duen eta gu, ostera, zain noiz berak behingoz
botak jantziko. Dena dela, Felipe Gonzalezen bonsaiak baino zerbait
ganorazkoagorik behar izango du mendi-itxurak egiteko.
Amati�o
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]