Katrina urakanak, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako
Administrazio Publikoaren ahulezia agertarazi du, Estaturik eza alegia.
Edo, beste modu batez esanda, mugaz kanpo horren indar militar handia,
bizkorra eta eraginkorra duen gobernua zein eskasa, geldoa eta motela
den mugaz barruko larrialdietan zerbitzu publikoak segurtatzerako
orduan.
Diferentzia guztien gainetik eta berdintasun guztien azpitik,
New Orleansetik 9.000 kilometrora, Bilbon, Josu Erkoreka eta Pedro
Azpiazu diputatu jeltzaleek espainiar Estaturik eza salatu dute,
Gobernu espainiarrak Euskal Autonomi Erkidegoan egindako inbertsio
urriak aztertzerakoan.
Datuen arabera, EAEren ekonomia Estatuarenaren %6 baino
gehiago izan arren, espainiar inbertsioak %1 baino gutxiago dira urtez
urte. Hau da, urtero urtero EAEri legokiokeena baino 360 milioi euro
gutxiago inbertitzen dira eta, beraz, azken 25 urteotan, 9.000 milioi
euro edo bilioi t´erdi peseta gutxiago. Nolabait esateko, Eusko
Jaurlaritza eta hiru Diputazioen urtebeteko aurrekontuen besteko.
Are gehiago, Estatuak hiru euskal lurraldeetan egin dituen
inbertsio eskas horien erdia Defentsa eta Barne Ministeritzek egin
dute, armak nahiz munizioak erosten eta, gehienbat, kuartelen zein
komisaldegien eraberritze eta zaintze-lanetan.
Beraz, kanpoko begiraleren batek Euskadira etorri eta espainiar
Estatuak bertan gauzatzen dituen inbertsioen araberako azterketa
politikoa egin behar izango balu, arrazoiak izango lituzke pentsatzeko
Euskal Erkidegoa espainiar Estatutik kanpo dagoela edota Estatuarentzat
EAE interes militarra baino ez duen mugarteko lurralde galdua dela.
Berriz ere aurrekoz atzera 9.000 kilometro egin eta New
Orleansa itzuliz, inork ulertuko al luke Louisianan Katrina
urakanaren gastuak eurak aurreratu beharraz gainera, ondoren Bushen
gobernuak geroko gerotan ez ordaintzea? Ba Zapatero irripartsuaren
Estatuak ez dio oraindik 2002ko Prestigeren faktura Eusko Jaurlaritzari
ordaindu.
Non da Estatua? Nor da hemen separatista?
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]