Bai, oso elkarrizketa polita da Hasier Etxeberriak Gotzon Garateri egindakoa. Kontu interesgarriak ditu asko, eta xelebreak ere bai. Deigarria egin zait Euskal Filologiako karrera Deustun nola jarri zuen martxan kontatzen duen zatia. Nik uste hori lehen ere beste nonbait irakurria niola. Errektoreari behin eta berriz eskaera egin, baina ezer egiten ez zutenez, 1977ko maiatzean Gotzon Garatek artikulu bat idatzi eta egunkarietara bidali zuen "El próximo curso comienza la filología vasca en la Universidad de Deusto". Ondorioak Gotzon Beraren hitzetan: "Hura izan zen zalaparta! Errektoreak deitu zidan bere aurrera eta oso haserre txantajista nintzeal esaten hasi zitzaidan. Kataluniarra zen, jatorra oso, baina gure problemak ez zituen ulertzen. Jendea animatuz joateko egin nuela hori, esan nion. Eta halaxe hasi ginen, eta gaur arte."

Elgoibar-Eibar inguruko kontuak direla eta Deba Ibarreko euskara goraipatzen du Gotzon-ek. "Deba Ibarreko euskara txalo-txalogarria da." Eta gero esaten duen honek ere harridura eragin dit: "Bizkaierari, Zeanuriko baserrietatik hasi eta ia Ondarroaraino, izurri handia sartu zaio, baina. Ez dute bereizten iragan hurbila eta aldi burutagabea. Hau da, "zegoen, "zetorren..." ez dute erabiltzen. Honelaxe esaten dute: "Ni etxean sartu nintzenean, ama sukaldean egon zen", zegoen esan beharrean. Markinako baserrietan ere entzuten ditut nik horrelakoak. Ez duzu holakorik entzungo Eibarren, Markinako euskara ofizialki askoz hobea izan arren. Bizkaitik kanpora ez da inon izurri hori sartu, zorionez. Ez eta bizkaieraz mintzo den Gipuzkoako eta Arabako herrietan ere."

Ez nekien nik esateko modu hori "izurria" zenik. Niri beti grazia egiten dit horrelakoak entzuteak. Gazteleraz beste lurralde batzuetakoekin izaten dugu joskera desberdina gogoratzen dit. Guk normalean "¿Has visto?" esaten dugu eta beste toki batzuetakoak berriz "¿Viste?". Euskarazko hori horren antzeko zerbait zelakoan nengoen ni, eta lehen grazia egiten bazidan, orain zer esanik ez, izurria hedatzen ari denari bezala begiratuko baitiot "Joan naiz baina ez da inor egon" esaten didanari.

Portzierto, zerrendako Azkunaren jarraitzaile sutsuentzat Gotzon Garaten azken hau esaldi hau: "Oso maite dut Bilbo eta Bilboko jendea. Eibartarrak bezalakoxeak dira, adiskidetsuak eta bihotz zabalak. Eta... Bilbo gero eta ederragoa da. Ezin sinets! Iñaki Azkuna alkate honek lan zinez goresgarria egin du!"

oier.

Julen Gabiriak idatzi du:

Jakin aldizkariaren azken alean alkarrizketa luzea egin deutsie elgoibartarrari, eta merezi dau, benetan. Beste zerrenda baten ez neuke igual komentauko, baina honetan bai, toketan jatzuenagaitik (hurbiltasunagaitik besterik ez bada). 70 orrialdetik gorako alkarrizketa sakona da, eta bertan umezaroa, etxeko kontuak, erlijinoa, euskera, politika, literatura, biajeak... mila gai ikutzen dauz, eta Elgoibar-Eibar inguruko kontuak be batzuk. Besteak beste, Amatiñoren gainean berba batzuk egiten dauz, Euskal Filologian ze ikasle euki ebazan gogoratzean: "Amatiño. Horra hor gizon buru argia, zinez! Ez zuen karrera bukatu Euskal Telebistan lan egitera deitu zutelako". Ba hori: leidu eta disfrutau. Trenerako be aproposa, Leire! julen

------------------------------------------------------------------------


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to