Hogeita bost urte joan dira Michel Labéguerie (1921-1980) hil zenetik
hona
eta, beste zenbait ekitaldiren artean, kantaldia eratuko da datorren
igandean, Kanbon, haren omenetan.
Gaztetandik EAJ-PNVri atxikia, Enbata taldearen sortzaileetakoa (1959),
Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakari (1960), euskal kanta berriaren aita
(1961), diputatu kristau demokrata (1962-1967), Itsasuko Agiri (1963)
abertzalearen sinatzaile, Pyrénées Atlantiques departamenduaren Kontseilari
Nagusi (1964-1980), Kanboko alkate (1965-1980) eta senatari zentrista
(1969-1980), bi hamarkadatan Iparraldeko politikari euskaltzalerik nagusiena
izan zen.
Uztaritzen jaioa eta errementarien seme, mediku-doktoretza egin zuen
Bordelen. Unibertsitari zela, Irrintzi talde jeltzalearen partaide izan
zen Eugène Goihenetxerekin batera eta, diotenez, gerra osteko PNVren
zerbitzu berezietan jardun zuen. ETAko errefuxiatuen lagungarri aritu zen
1960ko hamarkadaren hasieran, baina indarkeria tarteko, giro harekin erabat
hautsi zuen 1964tik aurrera.
Labéguerieren ustez, Iparraldea abertzaletzeko beharrezko omen alderdi
abertzale moderatua, nationalisme hitzak berak ere beldurra sortarazten
duelakoan. Euskaltzaletasunaren apostua egin zuen, baita Iparraldeko
hautetsien biltzarra eragin eta Zazpiak bat izeneko egitasmo politikoa
proposatu ere, Hegoaldea zein Iparraldea elkarrekin bilduko lukeena Europan.
Eusko Legebiltzarraren sorrera-egunean Gernikan izan zen eta baita, 1979an,
EAJren Alderdi Egunean ere.
Baina, politikari ezezik, euskal kanta berriaren aita ere izan zen,
Mikel
Laboarekin batera. Labégueriek Georges Brassens kantaria izan zuen oinarri
eta Laboak, berriz, Kataluniako nova canço mugimenduaren ekarpena egin.
1960ko gazteriak ez ditu bizirik dirauneino ahaztuko Labéguerieren Gu gara
Euskadiko, Haurtxo haurtxoa, Primaderako lilia, Zer duk nigarrez eta
beste hainbat.
Gizon jakitun, atsegin eta solaskide ona, Kanboko bere etxea ireki zigun
sarri.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]