Arazorik larriena indarkeria dela esan arren Erregek, lanik eza, 
ongizatea
eta etxebizitza indarkeria baino kezkagarriagoak omen dira euskal hiritarren
artean, Euskobarometroaren arabera behintzat. Hala ere, gogoan izan inkesta
honen datuak azarokoak direla, Lazkao (Azkar), Irura (Aginaga) eta
Doneztebeko (Bordatxo) erasoak gertatu aurrekoak.

        Zalantzarik ez gero euskal gizarteak gurari bikoitza bizi duela uneotan.
Batetik, nolabaiteko itxaropena, bi urte t´erdiko hilketarik eza eta
alderdien arteko konponbide-durundia tarteko. Bestetik, abenduko
lehergailuek berriro eragin duten mesfidantza, are gehiago kontuan izanik
jartzen ari diren lehergailuak gero eta handiagoak direna. Prentsari
jaramonik egingo badiogu, azarorarte jarritako lehergailuak kilo erdikoak
ziren, eta abendukoko azken hirurak, aldiz, 2, 10 eta 50 kilokoak.

        Auskalo zer gertatzen ari den, baina ez dakigula behintzat berriro
igelarena gertatu, orain hurrengo Lizarraren inguruan gertatu zen moduan:
Borondaterik onenaz hasi eta sekulako etsipenaz amaitu.

        Igelak badaki ur hotza eta beroa bereizten, hozbero-aldaketa nabarmen
gertatzen baldin bada behintzat. Ez omen da, ostera, aldaketaz konturatzeko
gauza, tenperatura apurka aldatuz gero. Hau da, sartu bai igela ur berotan
eta, gehiegizko berotasun punttua sumatu bezain laster, igelak jauzi eta
alde egingo du, sortze bereko defentsek adierazten baitiote bertan geratzen
bada kiskali egingo dela.

        Hala ere, jarri igela ur frexkutan,  astiro ura berotu eta, nahiz-eta
luzera urak irakiten amaitu, igela ez da ordea sekula mugituko. Bertan
egosiko da, giroa emeki goritzen ari denik konturatu barik eta hil ala
biziko arrisku galantaz sekula jabetzeke.

        Irrika gaude bakea noiz etorriko, inork ez baitu merezi dugun eta zor
zaigun amets hori ukatzeko eskubiderik. Baina, aldi berean, denok behar dugu
ernai eta adi egon. Ur epelaren gozamenaz ez dezagun lo hartu eta, gutxien
uste dugunean, geure burua irakitan aurkitu.

        Amatiño


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to