Gero eta sarriago entzuten da han-hemenka bueno hitza euskaldunen
artean.
Ez da berria. Orain dela 24 urte inguru, ETB martxan jartzera etorri zen
Herbie Eisner austriarra gure ohitura horretaz jabetu zen, ez baitzen
alferrik euskaraz ari ginela ulertzen zigun hitz bakarrenetakoa. Geroztik,
ohitura hori ez da batere murriztu, erabat gehitu baino.
Ez dago irratian edo telebistan edozein elkarrizketa entzun baino, behin
eta berriz, etengabe gero, takian potian bueno esaten entzuteko. Azken
bolada honetan minutuko zenbat bueno entzuten dudan kontatzeari ekin diot
eta, kontatu beharraren beharrez, ez naiz elkarrizketaren nondik norakoaz
jabetu ere egiten. Irakurleak joko horri ekin baino ez du. Nere errekorra
erantzuneko zazpi buenotan dago.
Ulergarri edo barkagarri, gainera, euskaldunberrien artean edota
hizketarako entrenatuak ez diren kirolari gazteen artean, baina guztiz lekuz
kanpo irakasle, idazle, kazetari, euskaltzain edo politikarien artean
behintzat. Dagoeneko auskalo gero zer soluzio duen gehiegikeria honek baina,
jira eta buelta, horrenbeste buenorekin adierazten dugun eskasia benetan
arduratzekoa da.
Dena dela, ez da hitza bera erdaraz izana asaldagarriena, batere neurri
eta
premiarik gabe zein sarri erabiltzen dugun konturatzea baino. Gaztelaniaz
(bueno), frantsesez (bon) eta ingelesez (well) ere behar baino sarriago
erabili ohi da segurutik, baina ezta hurrik eman ere euskal erabilpenarekin
alderatuz gero. Guk denetarako erabili ohi dugu, zer esanik ez dugunean
batez ere, baina gezurra dirudien arren, baita zer esan dugunean ere.
Dena den, ezinbestean horrelako makuluren bat erabiltzekotan. gogoratu
beharko euskaraz izan badela buenoren hainbat pareko, antzerako edota
ordezko. Besteak beste, tira, bapo, ondo, aski, eta?, hala ere, haatik,
alabaina... Eta, gehienetan, batere ordezkorik gabe ere, nahikoa eta sobera.
Izan ere, Urteberri ona opa izateko... bueno ba, Urteberri on esan
beharrik ba al dago? Benetan?
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]