Euskal Hiria ala Euskal Hiriak?
Euskal Herrian bada urte askoz iraun duen tirabira politiko bat, zeini
Euskal Gatazka izena jarri zaion. Estatus politikoa eta biolentzia dira
gatazka hori osatzen duten bi gaiak. Gai horiek, azken urteotan,
giztartearen ardura bihurtu dira, herri honek dituen beste behar askori
itzala emanez.
Horrela ba, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) burutzen ari diren hainbat
proiekturi ez zaizkie behar bezalako garrantzia eman. Ez zaie behar beste
denbora eman eta exigitzen zuten garrantzi maila aitortu, arlo politikotik
gizartearen interesa gatazka horretara bideratu delako.
Errepideak Madrilek ala Gasteizek ordaitzen dituen baino, berez,
interesgarriagoa litzateke jakitzea zergatik eta zertarako egiten diren.
Egungo Eusko Jaurlaritzak argi du garapen ekonomikoa bultzatu behar duela
EAEren lehiakortasun maila mantentzeko, eta horretarako asko dira azken
boladan martxan jarritako proiektuak, besteak beste Garraio Sailetik abian
ipinitakoak, hara non Eibar-Gasteiz autobidea (AP-1), Pasaiako Portua, Metro
eta Tranbia, eta oraindik proiektu den Euskal Y-a deituriko Abiadura Handiko
Trena.
Guzti hauek adibideak baino ez dira, Ibarretxek zuzendutako gobernuaren
modernitate eredua osatzen duten adibideak. Globalizazioak indarra hartzen
duen heinean, gero eta zailagoa zaie gure enpresei ekialdeko enpresekin
lehiatzea, faktore asko direla eta. Haien artean, aipagarrienak honako hauek
dira:
-Hango soldatak txikiagoak izateaz gain, sindikatuen presio txikiagoa
jasaten dituzte enpresek.
-Enpresek bertako instituzioen laguntza jasotzen dute haien produktuak
esportatzeko.
-Dagoeneko garatutako produktuak lantzen dituzte.
Faktore hauetatik abiaturik, eta hemen soldata baxuagoak jartzea ezinezkoa
dela ulerturik, Euskadik aurkako apustua baino ezin du egin, ekonomikoki
biziuteko, hurrengo hiru faktoreak bilatuz:
-Soldata altuak.
-Inbertsioentzat aukera interesgarriak sortu.
-Produktu berriak garatu.
Soldata altuak izan ahal izateko, nahitaezkoa da ongi prestatutako langileak
egotea, hauek produktu berriak sortzeko eta hortik inbertsioak etortzeko.
Halaber, ekonomikoki Euskadiri bultzada emango dioten inbertsioak egoteko,
kalitatezko enpresak egon daitezen, ezinbestekoa da gure herria toki
estrategikoa izatea, eta horretarako komunikazio-sare osatu bat beharrezkoa
da. Ezin daiteke ukatu, orain arte esandakoei jarraiturik, honek
bizi-kalitatearekin batera egin behar duela aurrera, horretarako aisialdi,
erosketa eta komunikaziorako zerbitzu garatuak eraginez.
Hortik datozkio Ibarretxeri eta bere gobernuari hainbeste "proiektu zoro"
martxan jartzeko beharra, gogoa eta kemena. Eta, argumentu hauei jarraituz,
ez zaie arrazoirik falta, baina proiektu konkretuak banaka behatuz gero,
akatsak ere badituztela kontura gaitezke. Besteak beste, Euskal Hiria delako
ideia garatzearekin batera herriei bizkarra emateko arriskua.
Euskal Y-a delako Abiadura Handiko Trena (AHT) bultzatzeko arrazoiak orain
arte azaldutakoak dira. Hori da Nuria L. de Gereñu Garraio Sailburuak
defendatzen duen tesia. Baina horren atzean orain arte eztabaidatu ez dagoen
emaitza bat ere badago, ekologia alde batera utzita. Euskal Y-a
ezinbestekotzat jotzen dute gobernukide batzuek Euskal Hiria garatzeko.
Batzuek diot, Ezker Batua ez baitago ados. Baina hirukoak dituen
desberdintasun ideologikoak alde batera utzita, proiektu honek izango duen
ondorioetako bat da ni larritzen nauena: Euskal Hiria nortzuk osatuko duten.
Asko eta askok sinestuta dute edozein euskal hiriburutara 15 minututan
iritsiko direla, baina hori ez da guztiz egia, izan ere horretarako puntu
konkretuetan bizi beharko dira. Bilbo, Gasteiz eta Donostiari inguruetara
hedatzeko aukerak emango dizkio, eta antzera Arrasateri, hiru hiruburuen
erdigune izango baita, baina aurkakoa gertatuko da beste hainbat herrirekin.
Lea Artibai, Debabarrena eta Urola Kosta kanpoan uzteaz gain, ez du herrien
arteko komunikazioa bermatzen, herrietatik hirietara etorpenak bultzatu
baizik, eta hortaz hirietan ekonomia garatuz doan bitartean, pisu
gutxiagodun hiri eta herriak etxez osaturiko bizigune soilak izatera
kondenatuko dituzte pixkanaka. Hor dago gakoa eta hortik datozkit zalantzak:
Euskal Hiria ala Euskal Hiriak ari gara bultzatzen?
Josu.
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]