Euskal Hiria ala Euskal Hiriak?
Euskal Herrian bada urte askoz iraun duen tirabira politiko bat, zeini
Euskal Gatazka izena jarri zaion. Estatus politikoa eta biolentzia
dira gatazka hori osatzen duten bi gaiak. Gai horiek, azken urteotan,
giztartearen ardura bihurtu dira, herri honek dituen beste behar
askori itzala emanez.
Horrela ba, Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) burutzen ari diren
hainbat proiekturi ez zaizkie behar bezalako garrantzia eman. Ez zaie
behar beste denbora eman eta exigitzen zuten garrantzi maila aitortu,
arlo politikotik gizartearen interesa gatazka horretara bideratu delako.
Errepideak Madrilek ala Gasteizek ordaitzen dituen baino, berez,
interesgarriagoa litzateke jakitzea zergatik eta zertarako egiten
diren. Egungo Eusko Jaurlaritzak argi du garapen ekonomikoa bultzatu
behar duela EAEren lehiakortasun maila mantentzeko, eta horretarako
asko dira azken boladan martxan jarritako proiektuak, besteak beste
Garraio Sailetik abian ipinitakoak, hara non Eibar-Gasteiz autobidea
(AP-1), Pasaiako Portua, Metro eta Tranbia, eta oraindik proiektu den
Euskal Y-a deituriko Abiadura Handiko Trena.
Guzti hauek adibideak baino ez dira, Ibarretxek zuzendutako
gobernuaren modernitate eredua osatzen duten adibideak. Globalizazioak
indarra hartzen duen heinean, gero eta zailagoa zaie gure enpresei
ekialdeko enpresekin lehiatzea, faktore asko direla eta. Haien artean,
aipagarrienak honako hauek dira:
-Hango soldatak txikiagoak izateaz gain, sindikatuen presio txikiagoa
jasaten dituzte enpresek.
-Enpresek bertako instituzioen laguntza jasotzen dute haien produktuak
esportatzeko.
-Dagoeneko garatutako produktuak lantzen dituzte.
Faktore hauetatik abiaturik, eta hemen soldata baxuagoak jartzea
ezinezkoa dela ulerturik, Euskadik aurkako apustua baino ezin du egin,
ekonomikoki biziuteko, hurrengo hiru faktoreak bilatuz:
-Soldata altuak.
-Inbertsioentzat aukera interesgarriak sortu.
-Produktu berriak garatu.
Soldata altuak izan ahal izateko, nahitaezkoa da ongi prestatutako
langileak egotea, hauek produktu berriak sortzeko eta hortik
inbertsioak etortzeko. Halaber, ekonomikoki Euskadiri bultzada emango
dioten inbertsioak egoteko, kalitatezko enpresak egon daitezen,
ezinbestekoa da gure herria toki estrategikoa izatea, eta horretarako
komunikazio-sare osatu bat beharrezkoa da. Ezin daiteke ukatu, orain
arte esandakoei jarraiturik, honek bizi-kalitatearekin batera egin
behar duela aurrera, horretarako aisialdi, erosketa eta
komunikaziorako zerbitzu garatuak eraginez.
Hortik datozkio Ibarretxeri eta bere gobernuari hainbeste "proiektu
zoro" martxan jartzeko beharra, gogoa eta kemena. Eta, argumentu hauei
jarraituz, ez zaie arrazoirik falta, baina proiektu konkretuak banaka
behatuz gero, akatsak ere badituztela kontura gaitezke. Besteak beste,
Euskal Hiria delako ideia garatzearekin batera herriei bizkarra
emateko arriskua.
Euskal Y-a delako Abiadura Handiko Trena (AHT) bultzatzeko arrazoiak
orain arte azaldutakoak dira. Hori da Nuria L. de Gereñu Garraio
Sailburuak defendatzen duen tesia. Baina horren atzean orain arte
eztabaidatu ez dagoen emaitza bat ere badago, ekologia alde batera
utzita. Euskal Y-a ezinbestekotzat jotzen dute gobernukide batzuek
Euskal Hiria garatzeko. Batzuek diot, Ezker Batua ez baitago ados.
Baina hirukoak dituen desberdintasun ideologikoak alde batera utzita,
proiektu honek izango duen ondorioetako bat da ni larritzen nauena:
Euskal Hiria nortzuk osatuko duten.
Asko eta askok sinestuta dute edozein euskal hiriburutara 15 minututan
iritsiko direla, baina hori ez da guztiz egia, izan ere horretarako
puntu konkretuetan bizi beharko dira. Bilbo, Gasteiz eta Donostiari
inguruetara hedatzeko aukerak emango dizkio, eta antzera Arrasateri,
hiru hiruburuen erdigune izango baita, baina aurkakoa gertatuko da
beste hainbat herrirekin. Lea Artibai, Debabarrena eta Urola Kosta
kanpoan uzteaz gain, ez du herrien arteko komunikazioa bermatzen,
herrietatik hirietara etorpenak bultzatu baizik, eta hortaz hirietan
ekonomia garatuz doan bitartean, pisu gutxiagodun hiri eta herriak
etxez osaturiko bizigune soilak izatera kondenatuko dituzte pixkanaka.
Hor dago gakoa eta hortik datozkit zalantzak: Euskal Hiria ala Euskal
Hiriak ari gara bultzatzen?
Josu.
------------------------------------------------------------------------
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]