MICHEL LABÈGUERIE
"Lema" aldizkaria
Hogeita bortz urte joan dira Michel Labéguerie (1921-1980) hil
zenetik eta zonbait ekitaldi eratu da Kanbon haren omenetan.
Gazte-gaztetandik EAJ-PNBri atxikia, Enbata taldearen
sortzaileetakoa (1959) izan zen Ximun Aran, Piarres Larzabal, Jacques
Abeberry, Jean-Louis Davant eta bertze lau lagunekin. Geroztik,
Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakari (1960), euskal kanta berriaren aita
(1961), diputatu kristau demokrata (1962-1967), Itsasuko Agiri (1963)
abertzale sutsuaren sinatzaile, Pyrénées Atlantiques departamenduaren
Kontseilari Nagusi (1964-1980), Kanboko auzapez (1965-1980) eta senatari
zentrista (1969-1980)... bi hamarkadatan Iparraldeko politikari
euskaltzalerik nagusiena izan zen.
Uztaritzen sortua eta arotzen seme, mediku-ikasketak egin zituen
Bordelen eta doktoretza erdietsi. Unibertsitari zela, Irrintzi talde
jeltzalearen partaide izan zen Eugène Goyhenetcherekin eta, diotenez, gerla
ondoko PNBren zerbitzu berezietan iharduki zuen. ETAko errefuxiatuen
lagungarri aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran, baina bortizkeria
tarteko, giro harekin erabat hautsi zuen 1964tik aitzinat.
Labéguerieren erranetan, Iparraldea abertzale bilakatzeko beharrezko
omen alderdi abertzale moderatua, nationalisme hitzak berak ere beldurra
sortarazten duelakoan. Euskalduntasunaren eta euskaltzaletasunaren aldeko
erronka azkarra egin zuen, baita Iparraldeko hautetsien biltzarra
suspertarazi eta Zazpiak bat izeneko egitasmo politikoa proposatu ere,
Hegoaldea eta Iparraldea elkarrekin bilduko lukeena Europaren baitan.
Hegoaldeko Eusko Legebiltzarraren sortze-egunean Gernikan izan zen eta
baita, 1979an, EAJ-PNBren Alderdi Egunean ere.
Erran gabe doa, politikari euskaltzale ezezik euskal kanta berriaren
gurasoetakoa ere izan zela, Mikel Laboarekin batera. Labégueriek Georges
Brassens (1921-1981) interpretea izan zuen oinarri eta Laboak, berriz,
Kataluniako nova canço mugimenduaren ekarpena egin. 1960ko gazteriak ez
ditu bizirik dirauneino ahantziko Labéguerieren Gu gira Euskadiko,
Haurtxo haurtxoa, Primaderako lilia, Zer duk nigarrez, Gure astoa
balaan, Bakearen uxoa eta bertze anitz.
Gizon argi, atsegin eta solaskide ona, Kanboko bere etxe-baita ireki
zigun ardura.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]