Birziklapenari buruzko kezka antzekoarekin, baina gure artean aldez aurretik ados jarri gabe, mezu bana argitaratu genuen Asier Sarasuak eta biok, bakoitzak gure blogetan. Besteak beste Urkizuko kontenedoreen kasua aipatzen genuen bietan. Kontua hauxe da. Urkizun orain hilabete batzuk zaborrerako lurrazpiko kontenedoreak jarri dituzte. Guztira 11 kontenedore, baina horietatik 8 normalak dira, eta beira, papera eta ontzientzat bana. Niri harrigarria iruditu zitzaidan proportzioa, iraingarria ez esatearren. Birziklapenaren inguruan demaseko diskurtsoak, baina gero praktikan ez da inondik inora zaborra bereizteko inolako erreztasunik ematen. Oraindik zaborra bereizten oso tasa txikiak ditugula esaten da, baina gure auzoan kontenedore horia gainezka egoten da astero-astero, eta zaborrak kanpoan utzi behar izaten ditugu maiz (lurrazpiko kontenedore aurreratuenak gero zaborra kalean uzteko...) Gure mezuetan haserrea eta Urkizuko kontenedore horien argazkiak (barruan kabitzen ez den zaborrez inguratuta) jarri genituen.
Birziklapenaren timoa: http://www.eibar.org/blogak/sarasua/157
Errauskailu bat Eibarren:http://www.eibar.org/blogak/oier/51

Blogetako erantzunen artean Leirek honakoa kontatzen zuen: "Mankomunidadeko bihargiñ batek kontauta, ez neri, lagun bateri, eta harek neri kontau (pribauan nahi badozu bixen izena emongo detsudaz eta galdetu geinkixe). Fijau zara lurrazpiko reziklaje kontedorietan ze kamioik jasotzen daben zaborra? Ez, ba hurrenguan ikusizu! Organikuen berbera! Beste ordu batzueta, baiña kamioiak igualak dira. Bihargiñ horrek esan eban lurrazpiko kontenedortetakua dana toki berera juaten dala, beira izan ezik. Hori bai, horrek dirua emoten zebala, baiña bestiak ez."

Ni ingenuo hutsa izango naiz, baina sinesten dut kontedore horiko zaborrak bereizketa planta batera eramaten dituztela eta ez dituztela (hasieran behintzat) bestekin nahasten. Egunotan Revista Eibar-en Mateo Gilabertek idatzitako artikulua irakurri dut. Esperientziaren eskolak antolatuta zaborren tratamendu planta batera bisita egin dute eta han ikusitakoren berri eman dute aldizkarian. Kontenedore horiko zaborrek ematen dituzten lanak azaltzen ditu, eta ondorioz, banaketa eta birziklapena eraginkorragoa izan dadin zaborra botatzerakoan kontuan hartzeko gomendio batzuk: ontziei janari hondakinak garbitu zaborretara bota aurretik, tapoiak kendu, e.a. Ez daukat hemen aldizkaria eta ez ditut gogoratzen gomendio denak baina niri oso interesgarriak gertatu zaizkit eta gaizki egiten nituen gauza batzuk zuzentzen lagunduko dit. Oraindik ulertzen ez dudana da zergatik demonio ez dizkiguten gomendio horiek zuzenean guri ematen. Baina Asierrek bere blogean egiten zituen galdera guztien artean azkenak laburbiltzen du dena: "Zergatik da odisea bat Eibarren birziklatzea?".

Eta azkenik komunikabideen zurikeria eta prentsa bulegoen informazioari punta ateratzeko gaitasun eza salatu nahi dut. Joan den astean Debabarreneko mankomunitateak zabor bilketaren inguruko datuak eskaini zituen, eta horrelako artikulu iraingarriak argitaratu dira. "La Mancomunidad recogió 23 millones de kilos de residuos sólidos en 2005". http://tinyurl.com/hgkkf Artikulu oso bat zabor mota bakoitzean zenbat kilo bildu diren esanez, baina informazio kuantitatibo horren inolako analisirik egin gabe. Proportzioan zenbat bereizten den, zenbat botatzen jarraitzen dugun kontenedore orokorrera bereizteko lanik hartu gabe, e.a.

Eta beste egunen baten olioaren birziklapenari buruz hitzegin beharko dugu. Hori bai gai koipetsua!

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to