Romano Prodi irakaslea Silvio Berlusconi zaldunaren kontra, asteburu
honetan Italian jokatuko den norgehiagoka. Politikari bi ezezik, bizitza
ulertzeko modu bi arituko dira ahari-topekan, zein hurrengo legealdian
gobernuaz arduratuko.
Eraz, Berlusconi argazkitan baino txikiagoa da eta Prodi, uste baino
lerdenagoa. Aurrena bizkorra, arola eta kanpolarrosa; bestea geldoa, laua
eta aspergarria. Zaldunak hitzegiten dizu, arin-arin, dena baleki moduan eta
irakasleak entzun, adi-adi, ezer ez baleki bezala. Berlusconi oilarra da eta
Prodi oiloa.
Moldez, Berlusconi etxegintzan aberastutakoa da, Italiako
telebista-merkatuaren %90 kontrolatzen du, Mafiarekiko harremanak leporatzen
zaizkio eta munduko 25 pertsonarik dirutsuenetakoa. Prodi, ostera,
kultura-gizona, giza-baloreen defendatzaile, edozenbat unibertsitatetan
ekonomia doktore eta hogeitaka libururen autore.
Zentzuz, Berlusconik eskuin-zentrutik faszismorainoko hamar alderdi
gidatzen ditu eta Prodik, berriz, beste hamalau bildu, kristau-demokrazia,
ezker-zentrua eta alderdi komunistak tarteko. Berlusconi antieuropar
amorratua da eta Prodi europarzalerik sutsuenetakoa. Berlusconi Irak-eko
gerraren bultzagile eta Prodi italiar indarrak etxeratzearen aldekoa.
Berlusconik pailazo-ospea du nazioartean eta Prodik, aldiz,
intelektual-irudia.
Hala ere, jestio ekonomikoa izango da italiarrek botoa emateko
gehienbat gogoan izango dutena. Prodi, teoriaz ezezik, praktikan ere
ekonomilari ona da. Industri-birmoldaketa arrakastaz egin zuen 1982an eta
txukun laga zuen Italia, 1998an Lehen Ministroa izateari utzi zionean.
Berlusconirekin, aldiz, Italia sekulako unerik larrienean dago hazkuntzaz,
produktibitatez eta lehiakortasunez.
Bi arrazoi nagusi izango dituzte italiarrek Prodiren aukera
egiterakoan. Bat, Prodi Berlusconi baino fidagarriago iruditzen zaiela
etorkizuna segurtatzeko orduan. Eta bi, Berlusconi bistatik kentzea arrazoi
nahiko dela, besterik gabe ere.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]