Irujo-Olaizola bikotearen finalak inoiz pelotak izan duen
audientziarik handienetakoa izan zuen. Albisteak ez du inor ustekabean
hartu. Pelota eta telebistaren arteko ezkontzaren arrakasta jakinekoa da.
1986an zenbait enpresarik telebistak pelota arriskuan jarriko zuela iragarri
arren, ondorioak bestelakoak izan dira. Telebistak mesede baino ez dio
pelotari ekarri.
Hala ere, meritu guztia ez da telebistarena, pelotak ere berebiziko
aldaketak jorratu baititu telebistaren eskakizunetara egokitzeko. Kirolik
gehienak ez bezala, pelota ez da partidak telebistaz emate hutsaz
konformatu. Horrez gainera, gutxienez hiru aldaketa nabarmen eragin ditu
telebistaren logikari amore emateko.
Lehen aldaketa pelotalekuak berdez margotzea izan zen, pelota hobeto
ikusi zedin. Orain horma guztiak dira berdeak, baina Kubako Mundu
Txapelketa arte (1990), eskuko frontoi guztiak zuri-zuriak ziren, eta
Donostiako Atano III pelotalekua ez zen 1995 arte berdetu.
Bigarren erabakia alkandarak aldatzea izan zen. 1968 arte pelotariak
guztiz zuriz jazten ziren, gerriko gorriz edo urdinez. Ez zuten euren arteko
janzkera bereiztu beharrik, frontoira bertaratzen ziren pelotazaleok
aurpegiz ezagutzen zituzten-eta. Telebistarako, ostera, izen eta guztiko
kolorezko alkandorak jazteari ekin zioten. Finala kolorez, jantzita jokatu
zuen lehen pelotaria Atanillo izan zen, gorriz, 1968an. Kontra izan zuen
Azkaratek, ostera, zuriz jantzita jarraitu zuen, batek aldatzea aski
zelakoan edo.
Eta hirugarrena, ordua. Aspaldi joan ziren pikutara igande eguerdiko
finalak. Orain arratsaldeko telebista-ordurik onenean jokatzen dira eta,
segurutik, uste baino lehenago, afalosteko prime-timean ikusiko ditugu,
partida arruntak ezezik, baita finalak ere.
Pronostiko guztien kontra, kirolik tradizionalena izan da azken
hogei urteotan aldaketarik gehien egin duena. Behar bada premiarik larrienak
zituelako, baina baita jakin ere egokitzen jakin duelako. Bakoitzari berea.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]