Ez da gero batere erraza jakitea zer pasatu ote zen ETAren buruzagien
burutik, larunbateko manifestazioaren irudiak ikusita. Hainbat urtez ETA
Herria zurekin pankartapean hazi eta hezitako organizazioari zer pentsa
eman beharko lioke zahartzaroan ETAri indarkeriaren amaiera exijitzen
diogu irakurri beharrak.
Tarteka-marteka ETAk plazaratu izaten dituen agirietan bada puntu bat
etologoek inoiz baloratzen ez dutena, talde armatuak herritarrekin suspertu
nahi izaten duen konplizitate eta atxikimenduarena, alegia: Euskal
herritarrei dei zabala egiten diegu... gure Herri eskubideen alde borroka
egiteko.
Ergela ez bada, honez gero ETAk konturatu behar izan du benetan gutxi
direla jaramonik egiten dioten herritarrak. Eta horren estimu handitan omen
duen lurraldetasuna zehaztuko badugu, Iparraldean inor ez, Nafarroan
hutsaren hurrengoak eta Autonomia Erkidegoan lau katu baino ez. Beraz, ETAri
geratzen zaion zalantza existentzial bakarra zera da: Batere jaramonik
egiten ez dioten herritar horiek... ez daude Herri eskubideen alde borroka
egiteko gertu... ala ez daude ETAren borroka armatuaz baliatzeko prest?
Ulergaitza, bai, ETAren eta bere jarraitzaileen eskizofrenia. Batetik
sinetsi eta aldarrikatu izan dute euskal gizartearen antimilitarismoa eta,
bestetik, militarismoaren mehatxupean oinarritu nahi dute euren estrategia.
Batek daki zentzurik ote zukeen bortizkeriak 1960ko hamarkadan, baina ez da
gaur egun indarkeriaren defentsa intelektuala egin dezakeenik inor geratzen.
Orain 50 urte, berandu samar beraz, heldu zen existentzialismo
mugimendua
Euskadira. Bada esaten duenik belaunaldi existentzialista haren fruituetako
bat dela ETA. Auskalo gero, egia ote den edo ez, baina garai hartako
existentzialismoak faxismotan amaitu behar zuenik nekez sumatu zezakeen
orduan inork.
Gurean dena da, antza, berant samarra. Baita euskal faxismoa ere. ETAren
faxismoa Francorena baino belaunaldi bat beranduago hasi eta amaituko
da-eta.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]