Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak dei egin dio Ibarretxe lehendakariari, 
Batasunaren burukideekin izandako bilerengatik kontuak eskatzeko. 

Demokrazian, Justiziak eskubide guztia du edonori kargu hartzeko eta, zentzu 
honetan, Lehendakariari ez zaio batere tratamendu berezirik zor. Baina ez 
onerako eta... ezta txarrerako ere. Eta hain zuzen, honelakoa da Lehendakariari 
eskaintzen zaion tratu berezia... ez bere mesedetan, bere kaltetan baino.

Batetik, bistan da Lehendakariarekin atzo bertan bildu ziren Batasunaren 
burukideak kalean daudela, egunero lanera joaten direla eta lagunarteko 
bizimodua egiten dutela. Ez da ulergarri zergatik kalean libre dabilen jendea 
gaizkikile bihurtzen den Ajuria Enera sartzen den une berean.

Begi bistakoa ere, Batasunaren burukideak egunero-egunero daudela 
komunikabideetan.  Orain  hurrengo, esaterako, Goiz Kronika honetan egon ziren. 
Ez da erraz ulertzekoa zergatik Lehendakariak ezin duen Otegirekin bildu eta 
Manu Etxezortuk, ostera, bai. 

Are gehiago. Denok dakigu Otegi takean potean bildu izan dela Imazekin nahiz 
Lopezekin. Eta, dirudienez, Barajaskoak eztanda egin zuen momentuan ere Arnaldo 
Otegi eta Jexus Egiguren elkarrekin omen zeuden batzartuta. Baina, hala ere, 
Justiziari Lehendakaria estu hartzea baino ez zaio ardura. Beste guztiak, hor 
konpon marianton.

Zergatik ote? Ba, nik uste, Lehendakaria lehendakari delako, euskal erakunderik 
nagusienaren lehendakari. Kontu hartze guztiz sinbolikoa da. Euskadiko Auzitegi 
Gorenaren presidenteak, Fernando Ruiz Piñeiro jaunak, zera adierazi nahi dio 
Eusko Jaurlaritzari: "Os vais a enterar". Ez gehiago eta ez gutxiago.

 

Amatiño

Goiz Kronika

Euskadi Irratia

2007-01-23


 

 

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to