Berrogei mila lagun baino gehiago kaleratu ziren bart iluntzean Bilboko 
kaleetan zehar "Gure erakundeen alde". Ez dakit zuzen ari ote naizen baina, 
esango nuke, azkenengo 30 urteotan ez dela sekula gure erakundeen aldeko 
manifestaziorik izan. Atzokoa, beraz, aurrena. 

 

Adrian Celaya adituak esana da euskaldunok berezitasun nagusi bi ditugula: 
Euskara eta foruetan oinarritutako erakunde-sistema. Izan ere, euskara da, 
segurutik, Bidasoaz gaindi, Hegoaldea eta Iparraldearen arteko zubirik 
nagusiena. Eta, aldi berean, gure foru-sistema da Euskal Erkidegoa eta 
Nafarroaren arteko anaitasunari sustraitik heltzen diona.

 

Euskararen garrantziaz, teoriaz behintzat, dezente asko kezkatzen gara 
euskaldunok. Gure erakundeen balioaz ez gara, ostera, horrenbeste jabetzen. 
Honez gero, gure artean gehiago dira lehendakaria, jaurlaritza, legebiltzarrak, 
diputazioak eta gainerako erakundeak ume-umetatik ezagutu izan dituzten 
hiritarrak, batere horiek gabeko euskal gizarte zaharraz gogoratzen direnak 
baino, kontzertu ekonomikoa, euskal eskola publikoa, unibertsitatea, 
ertzaintza, euskal irrati telebista etab. betidanik hor egon izan balira bezala.

 

 "Nire aitaren etxea defendituko dut" aldarrikatu zuen Gabriel Aresti poetak: 
"Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire 
aitaren etxeak iraunen du zutik". Eta, gaurkoan, atzekoz aurrera esaterik ere 
badugu. Ze, hain zuzen ere, guk guztiok aitaren etxea defenditu beharra bai 
baitugu, askasiak zutik iraun dezan, gure herri-arima galdu ez dezagun eta 
gutariko inork, sekula gehiago, inor ez dezan hil. 

 

Amatiño

Goiz Kronika

Euskadi Irratia

2007.01.30

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to