Komunikabide guztiek eskaini ziguten aurreko astean Ibarretxe
lehendakaria
Bilboko Justizia Jauregira joan zeneko sekuentzia. Ikusi genuen, bai,
Lehendakaria bere emaztearekin heltzen, bertan ziren sailburuak eta
erakunde-ordezkariak agurtzen eta, eskailerak igo ondoren, sartzen ate
nagusitik, non bere zain zeuden Justizia Jauregiko goi mailako agintari bi:
Juan Luis Ibarra eta Ana Belén Iracheta.
Geroago heldu ziren Ermuako Foroaren ordezkariak eta euren abokatua,
soinean zeramatzaten ikur, bandera espainiar eta gainerako parafernalia
guztiarekin, jendea oihuka ari zitzaien bitartean beraiek nazis erantzuten
zutelarik. Zenbaitek esango du hura zirko samarra izan zela; beste
zenbaitek, berriz, probokazio-hutsa besterik ez, eta bada esango duenik
Ermuako Foroko jendea horrelakoa dela eta kitto.
Baina ez da egia. Ermuako Foroaren eragile guztiak ez dira horren
zaratatsuak. Badira beste batzuk isilago, zuhurrago eta ezkutuago foro
horren giroan lanean ari direnak, foro horren ingurukoak direnik ere esan
gabe. Horietako bi Juan Luis Ibarra eta Ana Belén Iracheta. Lehena Euskadiko
Justizia Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzi-aretoaren presidentea
eta bestea Bizkaiko Lurralde Entzutegiaren presidentea. Ibarretxe
lehendakaria Justizia Jauregiaren atarian hain gozo, eztitsu, atsegin eta
otzan agurtu zuten agintariak, hain zuzen ere.
Segurutik Justiziak independientea behar du izan, segurutik Ermuako
Foroak
eskubide guztia du Ibarretxe auzitan sartu nahi izateko eta segurutik Ibarra
eta Iracheta magistratuek eskubide guztia dute Ermuako Foroaren Kontseilu
Editorialaren partaide izateko. Baina, esakubideak eskubide, edozein
hiritarrek ere eskubide osoa du pentsatzeko agintaritzan dauden magistratuek
hobe luketela horrelako presio-elkartearen taldekide ez izatea eta, hala ere
partaide direnez gero, nekez pentsa dezakeela inork Lehendakariaren eta
Ermuako Foroaren auzi-mauzian Bilboko Justizia Jauregia inpartziala izan
daitekeenik.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]