Gure zerrendakide Kontxi Kerexeta Nairobiko Munduko Gizarte Foroan izan da. 
Berak idatzi bat bialdu desta nik zerrendan, eta blogian argitaratzeko. 
Berak esan desta beti dakala arazua erantzutzeko edo idazteko. Beraz hona 
hemen berak bialdutakua. Oso interesgarrixa da. 

Urtarrilaren 20tik 25era bitartean VII. Munduko Gizarte Foroa burutu da 
Nairobin, Kenyan “Beste mundu bat posible da” leloa aldarrikatuz, 
globalizazioaren eta neoliberalismoaren aurrez aurre. Afrikan egin den lehen 
aldia da; aurretik lau aldiz Porto Alegren (Brasil), behin Mumbain (India); 
eta iaz foro polizentrikoa (Bamako, Karachi eta Caracasen). MGFk milaka 
pertsona maila lokalean, erregionalean eta mundu mailan mugitzeko duen 
indarra dagoeneko frogatua du. 

Bertara joateko aukera izan dut Saharako Errepublika Demokratikoaren aldeko 
Gasteizko elkartearekin, RASDeko ordezkari taldearekin batera. Foroa 
Kasarani Kirol estadioan izan da, hiriburutik 20 kilometrora, 3.000 metro 
koadrotako espazioan eta hiru gunetan banaturik. 

Mundu osoko 80.000 lagun inguru bildu gara “justizia soziala, nazio arteko 
elkartasuna, generoen arteko berdintasuna, bakea eta ingurumenaren babesa” 
bezalako gaiak lantzeko. Aurtengo forumaren goiburua “Jendearen borrokak, 
jendearen alternatibak” izan da. Ondoko arloetan bildu dira landutako 
gaiak: ura; erakunde nazional/internazionalak eta demokrazia; bakea/gerra; 
etxebizitza; emakumeen borroka; duintasuna/giza aniztasuna/bereizkeria; giza 
eskubideak; gazteria; elikagaien ziurtasuna/laborantza erreforma; lana; 
hezkuntza; ingurumena eta energia; osasuna; 
ezagutza/informazioa/komunikazioa; zorra; migrazioak; merkataritza askea; 
kultura; nazio arteko korporazioak; haurtzaroa eta ekonomia alternatiboa. 
Horietaz gain hainbat kultur ekintza ere izan dira. 

Foroari hasiera eman zitzaion Kiberan, Nairobiko bazter auzo handiena. 
Bertatik atera zen martxa bat Uhuru parkeraino. Bertan egun guztian musika 
izan genuen, mundu osoko musika taldeek girotua eta jendea abestuz, 
dantzatuz, aldarrikatuz…. Hurrengo egunetan beste 1.200 ekitalditan parte 
hartu dugu bertaratuok 

Saharari buruzko bi hitzaldi egin ditugu hilaren 22an: Ekialdeko Saharako 
lurralde okupatuetan giza eskubideen egoera eta autodeterminazio eskubidea. 
Aurreko urteetan izandako bideari jarraituz, Marokoko hainbat ordezkari 
hitzaldiak eragozten saiatu ziren. Mahai-inguruan galde erantzunen unea 
iritsitakoan, zenbait liskar eragin zituzten arren, egin ahal izan ziren bai 
goizekoa zein arratsaldekoa. Goizeko liskar horien ondoren, estadioan zehar 
manifestaldia egin genuen bertan bildutako lagunek. Horren guztiorren 
ondorioz, arratsaldean jende gehiago hurbildu zen mahai-ingurura eta 
gainera, zenbait europarlamentari ere bai, Espainiako eta Kataluniako 
parlamentariak, hain zuzen ere, euren babes hitzak eskaini zituzten. 
Ondorioz, marokoarrak etorri ziren arren, hitzaldia bukatu baino lehen alde 
egin zuten. Garaipen handia sahararrentzat. 

Sei eguneko eztabaida luzeen ondoren, ekimena globalizazioaren aurkako 
martxa handi batekin bukatu zen. 

Gizarte mugimendu aurrerakoien arteko elkarrizketa, hainbat intelektualen 
ekarpenak jasotzeko aukera, globalizazio neoliberalaren aurrean estrategia 
berriak pentsatzeko, esperientziak partekatzeko eta guztion artean gizartea 
aldatzeko estrategiak sortzen joateko onuragarria izango den esperantzarekin 
bueltatu naiz etxera. Nahiz eta kritikagarriak izan daitezken zenbait arlo 
ere ikusi ditudan indarberrituta, lanerako gogoz eta ametsak ekintza 
bihurtzeko esperantzarekin itzuli naiz etxera. Eta ni bezala beste milaka.
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to