Euskaltzaindiak argitara eman du “Euskararen sustatzea. 
Euskaltzaindiaren
adierazpenak (1976-2006)” deritzon liburuxka, azken 30 urteotan euskal
akademiak erakundeei egindako adierazpenak bilduz. Guztira 32 adierazpen
dira eta, aurrena, 1976ko Euskaltzaindiaren beraren onartze dekretoa.

        Bai, 1976ko otsailaren 25ean, Juan Carlos erregek sinatutako dekretuaren
arabera, euskararen akademia legeztatu zen;  Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta
Nafarroa lan-eremutzat finkatu; izenez “Euskaltzaindia Euskeraren Erret
Akademia“ bataiatu eta barne arautegia onartu. Hurrengo egunetan
Euskaltzaindiak, ur-bitsetan, dekretu haren berri emateko prentsaurrekoa
eskaini zuen Durangon.

        Orain gezurra dirudien arren, ofizialtasuna iragartzeko Euskaltzaindiak
emandako prentsaurreko hura gaztelaniaz izan zen. Ez, jakina, euskaltzainek
euskaraz ez zekitelako. Bai, ostera, orduko prentsaurreko denak gaztelaniaz
izaten zirelako, komunikazio-hizkuntza gaztelania baino ez zelako eta
kazetariak, euskal komunikabideetan ari ginen lau katu edo izan ezik,
erdaldun hutsak zirelako. Hain zuzen, Durangokoan bildu ginen kazetarien
artean Joxe Ramon Beloki (Herri Irratia) eta ni neu (Z. Argia) baino ez
ginen euskaldunak.

        Esan bezala, euskaltzainek aurkezpena gaztelaniaz egin eta kazetarien
galderei ere gaztelaniaz erantzun ondoren, prentsaurrekoa amaitu aurretik
besoa jaso eta lotsatuta, urduri asko, ausartu nintzen: “Barkatu... euskeraz
galdetzerik badago?“ Isilunea, tentsioa, betozko ilunak, marmarra... hartara
ohituta ez zeuden kazetarien artean, baina hitz bi baino ez mahaiburuko
euskaltzainaren ahotan: “Bai, jakina“. Eta horrela, besterik gabe, hasi zen
nik azken 43 urteotan ezagutu izan dudan lehen euskarazko prentsaurrekoa.

        Auskalo gero zelakoa ote den euskararen gaurregungo egoera. Baina
aurrerantzean urratu beharrekoak ukatzeke, komenigarri da gogoan hartzea
herenegun edo atzo ezezik, bart iluntzean ere non ginen. Perspektibak balio
du lorpenak baloratzeko.

        Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to