Eskolan irakatsi ziguten faktoreen ordenak ez duela azken produktua
aldatzen. Egia esan, bi gehi hiru edo hiru gehi bi... berdin-berdin da,
emaitza ez da batere aldatzen.

        Baina hau ez da lege unibertsala. Lege honek balio du matematiketan 
baina
ez, esaterako, gastronomian. Sukaldean oso garrantzitsua da faktoreen ordena
eta beste horrenbeste politikan ere.

        Hain zuzen, une honetan faktoreen ordena dugu eztabaida politikoaren
ardatz. Gehienok bat gatoz elkarrizketa, bakea eta akordioa aldarrikatzerako
orduan, baina ez gatoz bat, ostera, hiru kontzeptu hauen ordena
erabakitzerakoan.

        Zenbaiten ustez, gatazka konpontzeko ordenak honela izan behar du:
Akordioa... elkarrizketa... bakea. Hau da, lehenik akordioa zer behar dugun
aurretik jakiteko, gero alderdien artean zelan eztabaidatu eta, ondorioz,
bakea berez-berez  etorriko omen da.

        Beste hainbaten ustez, berriz, arazoa benetan konponduko bada, ordenak
beste honela izan behar du: Bakea... elkarrizketa... akordioa. Hau da,
lehenengo indarkeria baztertu, gero alderdien eztabaida politikoa bideratu
eta, atzenean, guztion arteko akordioa erabaki.

        Zehatz-mehatz esanda, Batasunak nahi duen ordena hauxe da:
Akordioa-elkarrizketa-bakea. Eta PP izan ezik, gainerako alderdi guztiek
nahiago duten ordena, aldiz, beste hau: Bakea-elkarrizketa-akordioa.

        Badira erdigunean omen dauden hainbat lagun ordenak ez duela 
garrantzirik
esaten dutenak, kontu horiek huskeriak baino ez direla. Bapo, baina orduan,
ordena huskeria baldin bada... zergatik apuntatzen dira ordena batera eta ez
bestera?

        Amatiño

        Goiz Kronika
        Euskadi Irratia
        2007.02.13

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to