Ni ez naiz La 2-eko dokumentalak ikusten dituela esan eta kotilleoko
programak ikusten ibiltzen den horietakoa (nahiz eta biak egiten
ditudan), baina azkenaldian oso sarritan ikusten dut Euskalteleko
kabletik datorren Natura telebista katea. Izen euskaldunak dioen
bezala, naturaren inguruko erreportaiak ematen dituzte bat bestearen
atzetik, eta oso egokia izaten da umeak afaldu ondoren animaliekin
txunditu eta oheratzeko.

Atzo Kenia, DDT eta malaria azaldu ziren erreportai batean. DDT-a
debekatuta dago mundu guztian, eta oso egoera zehatz eta
kontrolatuetan bakarrik erabili daiteke.

Ba, hara non, Kenian DDT erabiltzeko baimena eskatzen ari dira hango
osasun ministeritza, ONG eta beste erakunde asko. Zergatik?

- DDT da malariaren aurkako botika efektiboena. Grafika bat erakutsi
zuten, DDTaren debekua eta malariaren intzidentzia alderatuz. Kanpoko
beste eragilerik ez bada egon behintzat, grafika argia da.

- Balantzan jarrita jasangarriagoak iruditzen zaizkie DDT-aren kalte
posibleak, malariak urtero sortzen dituen hildakoak baino.

- DDTa ez omen dago patenteen menpe, eta produzitzea oso merkea omen
da. Aldiz, DDTaren alternatiba diren insektizidak oso garestiak dira
eta gainera enpresa kimiko asko dago beraien atzetik, patente
ugarirekin. Enpresa hauen interesa azpimarratzen dute DDTaren
debekuaren atzean dauden arrazoien artean.

- Etxe barruan bakarrik erabiliko dutela, eta ez kalean edo landa eremuetan.


Apur bat pentsatuz: guk, 10.000 kilometrora bizi garenok, zein
eskubide dugu haiei zer erabili eta zer ez erabili esaten ibiltzeko.
Azken finean, guk egun batean seguru haiek urtebetean baino gehiago
kutsatzen dugula, ez?

Gari
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to