Gero eta beldur gehiago ematen didate Estado-de-Derecho behin eta
berriz
aipatzen dutenek. Zuzenbide Estatua aipatzeak konfiantza eragin beharko
luke baina, zenbaiti entzunez gero, badirudi mendeku bila ari direla,
Zuzenbide Estatua inkisizioa balitz moduan. Edo umeei esaten zitzaien
bezala: Ondo portatzen ez bazara Zuzenbide Estatuari deituko diogu, zakuan
sartu eta eraman zaitzan.
Baina, adarra jotzeari utzi eta hitzegin dezagun serio samar. Zenbaitek
konponbide guztien maratilatzat jotzen duten Zuzenbide Estatuak ez ditu,
besterik gabe, demokrazia eta askatasuna bermatzen. Esate baterako,
Francoren diktadura, Mussoliniren faxismoa edo Hitlerren nazismoa ere euren
Zuzenbide Estatuaren jabe izan ziren.
Espainiakoa, Zuzenbide Estatua baino zertxobait gehiago da gaur egun.
Alderdi Popularrak eta eskuineko epaileek ahaztu nahi badute ere, Espainia,
Zuzenbide Estatu sozial eta demokratikoa da, Konstituzioaren testuak hitzez
hitz dioenez.
Nik ez nuen 1978an Espainiako Konstituzioaren alde botorik eman,
horretarako aukera eta adina izan arren. Baina nik orduan Konstituzio hura
nahikotzat onartu ez nuelako hain zuzen, ez dut orain, ia hogeita hamar urte
geroago, inork gehiago murriztu dezan nahi.
Espainiar Zuzenbide Estatua ez da segurutik edozenbatek gura genukeen
bezain ona baina, hala ere, indarrean dago eta, bere eskasian, euskal
hiritarroi errotik komeni zaizkigun hiru abiapuntu biltzen ditu: Foruen
burujabetzaren memoria, euskal eskubide historikoak eta Hegoaldeko lau
lurraldeak legez elkartzeko bidea. Eta oinarrizko aukera hauek ez dira gero
artalak gure gaurko egoera honetan.
Amatiño
Goiz Kronika
Euskadi Irratia
2007.02.20
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]