Nik badiot Nafarroako Parlamentuaren lehendakaria izan daitekeela
hurrengo
Frantziako presidenta... irakurleak pentsatuko du burutik ote nagoen. Baina,
harrigarri iruditu arren, gertagarri ere bada. Aukera François Bayrou
biarnotarrak du.
Bai. Ségolène Royal sozialistaren eta Nicolas Sarkozy eskuindarraren
arteko lehiari hirugarren bidea sortu zaio. François Bayrouren eskaintzari
ekonomia soziala deritza eta, ezkerrak bete ez dituen promesez aspertutako
funtzionariak, irakasleak eta intelektualak, batetik, eta eskuinarengandik
ezer itxaro ez duten enpresari txikiak, dendariak eta autonomoak, bestetik,
UDFren (Union pour la Democratie Française) buruzagiaren zaleak gehitzen ari
dira (%16).
Bayrou Bordèresen (657 biztanle) jaioa da. Sortzez nekazaria, bera ei da
behiak jezten dakien politikari frantses bakarra eta, gauzak zelan sakon eta
seguru egin azaltzeko, traktorea eredutzat duen bakana. Letra klasikoetan
graduatua, literatura du gustuko eta Nafarroako eta Frantziako Enrike
IV.aren (Joana Albretekoaren semea) historia argitaratua. Okzitaniar
hizkuntzaren zale, zuberotarren ustez zeharo frantximenta bada ere.
Kristaudemokrazian hezia, sozialdemokrazia liberalean murgildu da
geroztik,
Bigarren Mundu-Gerraren ondoren Alemaniaren susperraldia erakarri zuen
ildotik. Laburbilduz, krisialditik irteteko Hezkuntzan eta Ikerkuntzan
inbertitu behar omen da, gastu publikoa murriztu eta astean 35 ordu baino
gehiago lan egin.
Bayrou Pabeko Nafar Parlamentuaren (Conseil Général des Pyrénées
Atlantiques) lehendakari izana da (1982), Frantziako Hezkuntza Ministro
(1993-1997), Europako Alderdi Demokrataren sortzaile eta
lehendakari --Francesco Rutelli italiarrarekin batera--, eta euskal politika
oso ondo ezagutzen du. Orain Frantziako nagusia izatea baino ez zaio falta
berak biziki maite duen Enrike IV.aren koroaz jabetzeko. Lehen txandan
Ségolène Royal (%26) gaindituko balu, inork ez du zalantzan bigarrenean
Nicolas Sarkozyri irabaziko liokeenik (%36).
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]