Nere herrian, ospitalea, zaharren egoitza eta fundizioa ehun metroren
bueltan ezagutu izan ditut nik neuk azken berrogeita hamar urteotan.
Ez dut esango soluziorik onena denik, baina bai, ostera,
industria-giroan
hazi eta hezitakook ez garela sekula tximinien kontra egon, gure eguneroko
bizitzaren eta bizimoduaren parte izan direnez gero. Eibarren, Zumarragan
edo Bilbo inguruan jaioak garenok beti maite izan ditugu tailerrak, fabrikak
eta olak.
Nere uste apalez, Donostialdean indarrean jarri nahi diren zenbait
proiekturen kontrako jokabideak erraustegiak nahiz energia-zentralak izan
industria kulturarik ezaren fruitu dira neurri handi batean.
Era bitako kulturarik eza, gainera. Batetik, industriaren beraren aldeko
atxikimendu urria, teoriaz behintzat euskal industriaren ospeaz harro
sentitu arren, gero, praktikan, batere industriarik edota ahalik eta
urrutien nahi izango bagenu bezala. Bai, baina ez behintzat nere auzoan.
Eta, bestetik, energiagintza industriatzat onartu nahi ez izana.
Zenbaiti
entzunez gero, badirudi industria... bizikletak, eskopetak, erremintak,
txapelak edo papera egitea baino ez dela, hondakinak errausteak edo energia
produzitzeak industriarekin zer ikusirik ez balu moduan.
Esanak esan, nik, aukeran, nahiago oraingo erraustegi edo
ziklo-konbinatu
zentral berriaren ondoan bizi, betidaniko fundizio edo papertegiaren
aldamenean baino. Nere auzoko zaharrak dioen bezala... Tximinixak?
Tximinixak lehenguak, orainguak afariketakuak baino ez dittuk-eta.
Amatiño
Goiz kronika
Euskadi Irratia
2007-03-13
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]