Ana Agirre Industria sailburuak euskal enpresak bisitatzen diharduela
Mexikon, hasi dira Ordizian Andres Urdaneta kosmografoaren bosgarren
mendeurrena prestatzen. Urdaneta izan zen haize “kontraalisioez” eta Kuro
Shivo korronteaz baliatuz Amerika eta Asiaren arteko biderik bizkorrena
aurkitu zuena. Hau da, puntu biren arteko distantziarik motzena ez dela beti
lerro zuzena frogatu zuena.

        Euskaldunok sarri hitzegiten dugu gure modernitatea XIX. mendeko
industriaroaz hasi izan balitz bezala, ordurarte denok nekazari eta
arrantzale apal izan izan bagina moduan. Baina, Jose Antonio Azpiazu
historilariaren hitzetan: “El siglo XVI ha sido el más brillante de la
historia vasca”.

        Euskal Herria osoak 400.000 biztanle baino ez zituen mende hartan,
euskalduna zen peninsulako “homo faberra“, erremintarik eta armarik gehienak
euskal lantegietan ekoizten ziren-eta. Herri honek ez zituen Elkano, Legazpi
edo Urdanetaren pareko itsagizonik ustekabean eman, itsas-tradizioaren jabe
zelako baino; eta garai hartako euskal eskribauak eta merkatariak ez ziren
bat-batean sortu, gizarte alfabetatuaren fruitu baizik. Ez ahaztu gero,
Etxepare, Leizarraga, Loiola, Xabier, Garibay, Lopez de Isasi edo Juan de
Zumarraga ere mende berekoak direna.

        Caro Barojak esana da Euskal Herriak garai emankorrak izan  dituela
“kanpora begira jarri denean” eta XVI. mendeko euskal gizartea mundura
irekitako gizartea izan zen. Etxepareren “euskara jalgi mundura” ez da
poesia hutsa, mundua deskubritzen ziharduen gizartearen aldarria baino.
Aipatutako merkatari, esploratzaile, idazle eta misiolari gehienek
zekizkiten laupabost hizkuntza eta, Patagoniatik Terranovaraino nahiz Nueva
Vizcayatik (Mexiko) Txinaraino, munduan barrena murgildu ziren.

        Ez gara askorik aldatu bostehun urteotan. Orain ere, gure enpresari,
komertzial, idazle eta misiolariak dira gure ordezkaririk nabarmenenak,
berriro ere Hego Amerika, Mexiko eta Txina tarteko. Iparragirrek arrazoi:
“eman ta zabal zazu munduan frutua“.

        Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to