Bernardo Atxagak bere euskaltzain sarrera-ekitaldian esandako ideia bi
aipatu nahi ditut. Bat: Ideologia politikoa baino zerbait gehiago beharko
da gure hizkuntza aurrera ateratzeko. Eta bi: Euskararen aldeko legeak ez
dira nahiko izango, euskaldunok gure hizkuntza erababili nahi ez badugu.
Honez gero norbaitek interpretatu nahi izan du ideologia kalterako
baino ez
dela eta euskarak ez duela bere aldeko legerik behar, baina ez dut uste,
inondik ere, Atxagak hori esangura izan duenik. Nere iritziz, Atxagak
diferentzia arrunt xinplea gogoratu nahi izan du: gauza bat dela
beharrezko eta beste bat nahiko.
Diferentzia nabarmena. Izan ere, bakea ez da nahiko euskal gatazka
konpontzeko baina, nahikoa ez izan arren, beharrezko bada.
Demokrazia ere ez da nahiko gizartearen arazoak adosteko, baina
derrigorrezko denik ezin ukatu.
Elkar errespetatzea ere ez da segurutik nahiko izango, baina bai,
ostera,
ezinbesteko.
Eta, aldi berean, euskarak iraun dezan ideologia eta legeak beharrezko
dira, jakina, baina ez dira, beste barik, nahiko.
Laburbilduz, ideologia, bakea, demokrazia, legeak eta errespetua
beharrezko
dira ezertan hasteko, baina ez dira, aldiz, nahiko. Horrez gainera, gero,
bakoitzak bere onena eskaini behar du, alegia, ahalegindu, saiatu eta,
eskakizun teorikoen gainetik, baita norberak praktikan jarri ere.
Portzierto, entzule, ze moduz zure praktika bakegintzan, demokrazian,
errespetuan edo euskalgintzan? Egin gero Atxagari jaramon: Inori inorenak
eskatzea ondo dago baina, zein da guzti honetan zure, nere, gure aportazioa?
Amatiño
Goiz kronika
Euskadi Irratia
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]