Luc Van den Brande, Flandriako lehendakari-ohia eta gaur egun Europako
Erregioen Batzordearen lehendakari-ordea, Bilbon egon da hemengo egoera
zertan den bertatik bertara aztertzeko. Europar batzordekide guztiak
Lehendakariarekin zein euskal alderdi-ordezkariekin bildu dira, “Europako
Batasunean dirauen indarkeria bakarra gainditzen laguntzeko“.

        Burujabetza aldarrikatzen duen estatubako nazio asko dago Europan. 
Euskal
Herria ez da berezia. Gurea kasu bat gehiago besterik ez da. Gure
salbuespena ez da burujabetzaren aldarrikapena, ezta gatazka politikoa ere,
indarkeriaren agerpena baino.

        Flandriak erabateko burujabetza lortu du azken  berrogei urteotan.
Nabarmena da historiaz, kulturaz eta hizkuntzaz duen nortasuna eta, honez
gero, Flandriaren etorkizuna Belgikarena baino seguruagoa da. Van den
Branderen hitzetan, flandriarrek hiru arlotan oinarritu dute euren
estrategia:  Ambassade, Ancrage eta Alliance.

        Ambassade aipatzerakoan, Flandriak ez du gogoan ezelango enbaxada
ofizialik, munduan zehar zabaltzeko flandiar interesek behar duten sarea
baino. Hau da, Detxepareren “ialgi hadi mundura” eta Iparragirreren  “eman
ta zabal zazu munduan frutua”.

        Ancrage, berriz, norberaren nortasunean sustraitu beharreko aingura-lana
da:  herri-nortasuna, historia, kultura eta hizkuntza  landu beharra. “Ialgi
hadi mundura” bai, baina beti ere norberaren nortasuna galtzeke.

        Alliance, azkenik, aliantzak alegia. Honez gero ez dago munduan zehar
bakarrik ibiltzerik. Ez ekonomian, ez kulturan, ez politikan, ez beste
ezertan.   Denerako bide-lagunak behar dira. Bakardadea autismoan baino ez
da amaitzen. Eta autismoak etorkizun latza du.

        Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to