Jacques Delorsek esana: "Europa OVNI bat da", alegia inork identifikatubako 
objektu hegalaria. Hain zuzen, komunikabideetan zehar lantzean behin hegan 
egiten duen Europa ezezagun hori noiz arraio lurreratuko den detektatzeko 
jardunaldia izan da Bilbon. 

Ez dugu Europarik ulertzen, ez da-eta umetan erakutsi zizkiguten modeluetako 
bat. Europa ez da estatua, ez estatubako nazioa, ez naziobako erregioa... 
Orduan zer arraio da? Daniel Innerarityren ustez, Europa da azken urteotako 
berrikuntza politikorik handienetakoa, munduko demokrazia nazioanitz eta 
kulturanitzaren laboratoriorik aurrerakoiena. Eta, Sarkozyk gustuko ez izan 
arren, "globalizazioaren Troiako zaldia", Europa da-eta etorri datorren gizarte 
globala eraikitzeko eredurik baliagarriena. 

Zelan hau jendeari ulertarazi? Hiritarrak kexu dira ez ei delako behar besteko 
informaziorik. Datuek frogatzen dute, ostera, arazoa ez dela informaziorik eza, 
interesik eza baino. Hau da, benetan nahi duenak informazioa uholdeka duela. 
Interesa falta. 

Zergatik ote interes falta hori? Ba, Europa teleberrietan agertzen ez delako; 
agertzen denetan agertzen den politikoa ezezaguna delako; ezezaguna izateaz 
gainera identifikazio ideologikorik ez duelako; eta, posizio-oposizio 
eztabaidarik ez denez gero, adierazpenek batere morbo mediatikorik ez dutelako. 

Kontraesana nabarmena da: geure burua europartzat izan arren europar politika 
atzerrikotzat dugu eta, gainera, Italiakoa edo Britainia Handikoa baino 
arrotzagoa. Italiak eta Britainia Handiak, gutxienik, aurpegiak dituzte. 
Europak ezta hori ere. 

Eta hau zelan konpontzen da? Ba... aurpegi ezagunak eta eztabaida 
identifikagarriak jartzen.

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to