Historia zoragarrixa. Ibanek problemak zittun berak zuzen gure
posta
zerrendara bidaltzeko eta neri bidali desta ni artekari izateko. Hemen
dozue, merezi dau.
Ima.
Aupa, Imanol. Bidali dut erantzun hau eibartarrak posta zerrendara
baina ez dirudi hartzen duenik; agian pixka bat tardatzen du, baina
nik gogoratzen nuena (parte hartu dudan gutxietan) zen berehala
heltzen zela mezua. Gertatu izan zait inoiz, nik irakurri zuenak
irakurtzen ditut, baina bidaltzen ditudanean ez dira heltzen. Arazoren
bat egongo da nire konfigurazioan, ez dakit. Horregatik, iristen ez
dela ikusten ez baduzu, hemen behean doakizun testua zuk nire izenean
zintzilikauko bazenu, biziki eskertuko nizuke.
Ondo izan
Iban.
MEZUA:
Gabon, lagunak.
Ea taxuz erantzun dezakedan. Ramon Bajo herri ikastetxea (hori da
izena, oraingoz, aldatzeko prozesuan baikaude) Gasteizko Alde
Zaharreko lehen eta haur hezkuntzako betiko zentroa da. Duela bost
urte A eredua eskaintzen zuen soilik; horren ondorioz, 1990eko
hamarkadan zehar gero eta Alde Zaharreko biztanle gehiago hasi ziren
haien seme-alabak auzotik kanpoko eskola eta ikastoletara eramaten (D
edo B eredua eskaintzen zutenak; kasu batzuetan oso urrun, Duranara
adibidez). Auzoan betidanik egon da ijito populazioaren portzentaia
nahiko handia, eta 90ko hamarkadan zehar gero eta gehiago nabaritu zen
Espainiatik kanpoko immigranteen presentzia (batez ere magrebtarrak;
hegoamerikarrak gutxi dira alde zaharrean). Emaitza hauxe izan zen:
eskola gero eta gehiago ghetto bat bihurtzen joan zen, horrenbeste
ezen 2000ko hamarkadaren hasieran eskolan matrikulatutako paio
autoktonoen portzentaia ez baitzen %5era iristen. Auzoaren osaera
soziala, ordea, oso urrun dago banaketa horretatik (etorkinen kopurua
ez da %20era iristen).
Duela lau urte D ereduko lerro bat irekitzea lortu genuen guraso
batzuek, 2 urteko gela batekin (Imanol gogoratuko da agian, urte
horretan zalaparta dezente egon zelako udal haurtzaindegietan ez
zegoelako lekurik eskaera guztiarentzako, eta sare publikoan 2
urtekoentzako 7 gela irekitzea lortu zen, horietako bat, D eredukoa,
Ramón Bajon). Urte hartan ume gehienak paio autoktonoak ziren.
Hurrengo urtean ikusi genuen bazegoela posibilitatea D ereduko lerro
bat sortzeko, lehenengo 3 urtekoen gela bat haur hezkuntzan eta
adinean gora egin ahala, eskola guztian D ereduko lerro oso bat
sortzeko, Akoaren ondoan; guraso batzuk eskolako kontseiluan sartu
ginen. Baina berehala konturatu ginen A eta D ereduen koexistentziak
bazituela alde txarrak, eskola bitan bana zezakeelako, immigranteek
(batzuetan hezkuntza saileko delegaritza berak "aholkatuta") umeak A
ereduan matrikulatzeko joera handiagoa zeukatelako; bestalde, gure
hausnarketa hauxe izan zen: immigranteen seme-alabek aukera gutxiago
izango zutela etorkizunean lana topatzeko eta euskal gizartean
integratzeko euskara falta bazitzaien, eta A ereduak ez zuenez
euskalduntzen, D eredua zela benetan bultzatu behar zena denentzat.
Proposamena egin genuen, eta eredu aldaketa osoa lortu genuen.
Datorren urtean, adibidez, haur hezkuntza guztia D ereduan eskainiko
da, lehen hezkuntzako 1. mailan A eta D ereduak eskainiko dira, eta
2.etik 6.era An eskaintzen da oraindik, baina urte batetik bestera A
ereduko gela bat desagertzen joango da. Ijitoek eta immigranteek
aldaketa oso ondo onartu dute (azaltzen zaienean berehala ulertzen
dute: azken batean autoktono gehienek beren seme-alabentzako nahi
dutena hautatu nahi dute haiek ere, eta autoktonoek D eredua hautatzen
badute zerbaitegatik izango da.), eta arazorik gabe umeak eskolan
matrikulatzen jarraitu dute.
Kontua da lehenengo urte hauetan, nahiz eta 2, 3, 4 eta 5 urteko
eskolak D ereduan eskaini, autoktono ez ijitoen seme-alaba oso gutxi
matrikulatzen jarraitu dela gure eskolan, matrikula zertxobait igo
bada ere. Hots, Alde Zaharreko biztanlegoaren gehiengoak (euskaldunak
eta erdaldunak, baina "betiko" gasteiztarrak nolabait esateko) bere
seme-alabak auzotik kanpo matrikulatzen jarraitzen dituela. Nahiz eta
D eredua eta bertan eskaini. Atera genuen konklusioa erraza da:
hemengo jendeari oso ondo iruditzen zaio immigranteen seme-alabek
euskara ikas dezaten eta "integra" daitezen, baina nahiago dute haiek
bakarrik integratzen badira, hemengoekin nahastu gabe alegia (hori
posible balitz bezala). Datu bat: gure alaba nagusiaren gelan
(gela "pionero" horretan) bertako paioen portzentaia %30era iristen da
ozta-ozta; gainontzekoan atzerritarren seme-alabak dira; 4 eta 3
urtekoen gelan portzentaiak baxuagoak dira oraindik; 2koan (hor
daukagu bigarren alaba) pixka bat altuagoak dira, hala ere, hobera
egiten ari garenaren seinale.
Horren guztiaren ondorioz, azkeneko urte hauetan lan dezente egin dugu
gurasoen elkartetik, hezkuntza sailarekin, udaletxearekin, auzoko
elkarteekin, ludotekarekin, kale-hezitzaileekin, Hala Bedi irrati
librearekin, gaztetxearekin, unibertsitateekin, mugimendu sozial eta
politikoekin, eskola aurrera ateratzeko, eta matrikulazio kanpaina
zabala egin dugu. Pixkanaka ari da hobetzen egoera, eta datorren
ikasturteko 3 urteko gela (haur hezkuntzako lehenengoa) ia beteta dago
(orain arte gelak ez ziren betetzen, ez zegoen matrikula nahikorik),
eta autoktonoen seme-alabak ia-ia %50 osatuko dute gela horretan:
hots, norekin integratu izango dute atzerritarren seme-alabek (eta
alderantziz). Baina oraindik urrun gaude auzoaren gizarte-osaketa
errealaren banaketatik (esan bezala, ijitoek eta immigranteek Alde
Zaharreko biztanleen %20a baino gutxiago osatzen dute).
Gu pozik gaude eskolarekin. Gaur bertan gurasoen ikasturte amaierako
festa egin dugu, ume guztiekin, ikastetxearen kanpoaldean (zona
peatonala da gurea). Oso polita izan da; ikustekoa zen mahaia, mota
eta jatorri guztietako pastelez beteta, eta umeak inguruan, eta giroa
eta abar. Ikusgarriak izan diren bezala Korrika txikia, Santa Ageda
edo San Prudentzio jaietan egin genituen "erromeriak", umeak
baserritarrez jantzita, amak atzetik beren hijabekin, en fin. Ez dut
samurregi jarri nahi, badakizue hau ez dela nire estiloa, baina
gordeko didazue sekretua ezta?
Bueno, barkatu mezuaren luzera, baina beharrezkoa iruditzen zitzaidan
azalpen bat emateko. Edonola ere, informazio gehiago nahi baduzue,
askoz ere hobeto eta txukunago azalduta aurkituko duzue Amelia
Barquínek idatzitako artikulu hauetan (Amelia Barquín, badaezpada
diot, nire emaztea da, edo, hobe esanda, ni naiz bere senarra):
http://argia.com/argia-astekaria/2090/biharko-eskola-gaitasunak-
lantzea-ardatz/eskola-inklusiboa-gasteizko-ramon-bajo-ikastetxea
http://www.noticiasdealava.com/ediciones/2007/02/23/opinion/
d23opi5.559090.php
http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/prensa/20070410/alava/hija-
aprende-este-centro_20070410.html
Bueno, ba horixe. Besarkada bat
Iban.
> Gasteizko Alde Zaharrean ("Centro Histórico" deitu gura detse
oin) bada Ramon Bajo ikastola, edo antzeko izenaz.
>
> Bertan ikasleen zati handi bat etorkinak dira eta A ereduan
ikasten
dabe. Iban Zaldua eta beste batzuk ahaleginak egitten zeuazen hori
aldatzeko: bertakoak be euren umiak han matrikulatu daixezen eta D
eredua ezartzeko. Benetan eredu integratzailea lortzea zeben asmua,
baina ez da erraza.
>
> Entzun dotenez D eredua bai ezarri da eta matrikulazioak gora
egin dau, baina ez dakit zenbateraino bertakoak euren umiak han
sartuta. Oso tema interesantea begitantzen jata.
>
> Iban, hor bazaoz, kontauko dozu zelan doan kontua? Ahal bada
alderdi goxo, garratz eta mikatzak sartuta?
>
> Ima.
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]