Gaur 75 urte, 1932ko ekainaren 19an, Nafarroako 267 udalen ordezkariak
Iruñeko Gayarre Antzokian bildu ziren Hegoaldeko lau lurraldeentzako estatutua
onartu ala ez erabakitzeko.
Gezurra dirudien arren, hurrengo egunetan bertsio kontrajarri bi zabaldu
ziren. “Diario de Navarra” egunkari integristak informatu zuenez, euskal
estatutuaren kontrako udalak aldekoak baino gehiago izan omen ziren. “La Voz de
Navarra“ abertzalearen ustez, berriz, aldeko udalak izan omen ziren kontrakoak
baino gehiago.
Zer gerta ere, ofizialtasunak integristen datuak ontzat eman zituen,
nahiz eta mende erdi geroago (1977) Jimeno Jurio historilariak besterik
frogatu. Are gehiago, Jimeno Jurioren iritziz sekulako iruzurra gertatu omen
zen, hainbat udal ordezkarik ez zuen-eta nork bere herritik zeraman mandatu
berbera Gayarre Antzokian defenditu.
Bistan denez, iruzur hotsa aspaldikoa da Nafarroan. Eta, 75 urte geroago
ere, Nafarroaren etorkizuna nafarren borondatearen aurka erabaki nahi izana
edota, armen mehatxupean, baldintza demokratikoen gainetik negoziatu gura
izatea ez da soluzioa, iruzur hutsa baizik.
Soluzioa hauteskundeak irabaztea da, botoen indarraz jabetzea alegia.
Eta hauxe da, hain zuzen ere, 75 urte geroago, Nafarroa Bai koalizioaren
ekarpenik handiena. Behar bada hauteskundeak irabaztea ez da besterik gabe
nahiko, baina bai, ezertan hasteko, oinarri-oinarrizko. Eta gero... gerokoak.
Amatiño
Goiz kronika
Euskadi Irratia
2007-06-19
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]