Nik egia esan ez dakit orain bertan nor defendatzen ari den industen 
jarraitzea eta nor ez. Hori bai, indusketa kanpaina bakoitza egiteko 
baimena eskatu behar da eta baiezkoa ala ezezkoa Jaurlaritzak ematen du. 
Amatiño, zure hirugarren parrafo honetan dago egon daiteke gakoetako bat 
nire ustez:

> 3. Nik ulertzen diat harrobiak Praileaitzek "jan" behar zuen garaian
> indusketa intentsiboa egitea. Baina orain, berriz, harrobiak Praileaitz
> sekula ez jatea erabaki ditek. Horretara, zergatik indusketa intentsiboa ez
> geratu? 

Orain bertan ezagutzen den Praileaitzen zatia harrobiak ez jatea erabaki 
da, baina susmoa da oraindik ez dela ezagutzen Praileaitzen tamaina 
osoa. Nire mezuan azaltzen nuenez orain 6 urte industen hasi zirenean 
koba oso txikia zen. Sarrera nagusia eta bi gela txiki albo bakoitzean. 
Industu eta lurra eta sedimentua kendu ahala konturatu ziren leizeak 
galeria eta gela gehiago zituela. Horietarako sarrera estalita zegoen 
eta lurra kentzean agertu dira eta horietako batean aurkitu dira 
margoak. Beraz, lehen aztarnak agertu zirenean, leizea konserbatu eta 
indusketa lanak moteltzea erabaki izan balitz, orain margoak agertu 
diren gela ez zen ezagutuko, eta harrobiak jan dezakeen zatian egongo 
litzateke. Horixe da orain salatzen ari direna. Praileaitz izan 
daitekeela orain ezagutzen dena baino luzeagoa, baina hori jakin 
aurretik harrobiak jan ditzakeela ezagutzen ez diren galeriak.

Dena den honek guztiak ez du zerikusirik indusketa intentsiboa 
egitearekin. Izan ere, kontua ez da izaten gela oso bat industea, eta 
aldamenekoa ez "ikutzea" hurrengo belaunaldiak han suertea proba dezan. 
Ez, printzipioz industen ari zaren eremu bakoitzean zati bat industu eta 
beste bat industu gabe uztea izaten da sistema. Beraz, arkeologoek 
industu dezakete gela bakoitzeko zati bat, eta aurreragorako utzi beste 
pusketa bat. Dena den, zer industu eta zer ez industu Jaurlaritzak 
baimentzen du. Indusketa egiteko baimena hasierako gelarako bakarrik 
badu ezin du barrenekoan aritu. Demagun gela berri bat agertzen dela. Ba 
arkeologoak ezin du bere kasa hor industen hasi. Berriz ere baimena 
eskatu behar du, eta normalean lehenengo zundaketa bat egiteko baimena 
da emango diotena. Hau da, metro karratu bateko "zuloa" aztarnategiaren 
estratigrafia eta sedimentuen interesa baloratzeko aukera emango duena.

Distrakzio maniobra guzti hau zure hitz hauetatik piztu da:

> Garbi daok be,  Aita Barandiaranen (Joxe Mielek berak neri esanda) 
> eskolako arkeologoak ez dirala seula izan indusketa intensibuan zale 
> baiña euren burua Praileaitzen defenditzaile amorratutzat dauken 
> batzuk oindiño be Praileaitzen indusketa intentsiboan jarraitu gura

Amu horri heldu diot nik, baina nik ez dakit nor den indusketa 
intentsiboan jarraitu nahi duena eta nor ez. Niri ez zait interesatzen 
errudunak eta salbatzaileak aurkitzea. Ondare honen kudeaketa ahalik eta 
egokiena izan dadila nahi dut, besterik ez. Eta nik ez daukat Peñalver 
defendatzeko beharrik. Komunikabideen bidez esaten ari den gauzak 
zentzuzkoak iruditzen zaizkit eta bat datoz nire lojikak eta aztarnategi 
horri buruz dakidan apurrak sujeritzen didanarekin.

Hauxe da nire kezka: Sasiolako harrobia historiaurreko euskal 
aztarnategi garrantzitsuenetako baten ondo-ondoan ari da lanean. 
Aztarnategi horren zati batzuk ezagutzen dira eta oso garrantzitsuak 
direla ikusi da. Batzuk uste dugu erabaki egokiena harrobiaren lanak 
eten eta geratzen den mendi-xerra osoa babestea litzatekeela, indusketa 
lanak lasai eta epeka egiten joan, eta inguruan beste aztarnarik ba ote 
dagoen presarik gabe aztertu. Harrobiaren lana eteteak zein kosto 
ekonomiko izan dezakeen ez dakit nik, baina erakundeetatik orain arte 
eman den erantzunak ez du diruaz hitzegiten, babestu beharrekoa 
babestuta dagoela esaten da. Eta nire kezka da ezagutzen ez dena ezin 
dela babestu, eta ezagutzeko ikertu egin behar dela, eta horretarako 
denbora eta baimenak behar direla, eta ez bat ez bestea ez daudela 
Sasiolako mendi-xerran. Gainera, mendi-xerra aztarnategiaren 
testuingurua bera da, eta beraz, aztarnategia babesteak bere 
testuingurua babestea eskatzen du. Ingurunea zer den mugak jartzea ez da 
lan makala, baina haitzulo baten kasuan, haitzuloa bera hartzen duen 
mendiska (edo geratzen den pusketa) babestea iruditzen zait niri egokiena.

Horixe da nik Praileaitzen aferari buruz pentsatzen dudana. Eta zuk 
Amatiño, zer pentsatzen duzu?

oier.

Amatiñok idatzi du:
> Ia, Oier A, ahalik eta laburren:
>
> 1. Indusketa-lanak hasi eta buka ez egitearen filosofia zabal samar azaldu
> duk, nik aurretik (Barandiaran gogoratuz) adierazitakoaren ildo beretsutik.
> Beraz, ez zegok batere eztabaidarik.
> 2. Hala ere zalantzak sortzen zizkidak hire "Barandiaranen garaian
> pentsatzen zen denborarekin indusketa teknikak hobetuko zirela" delakoak.
> Horrek zer esan nahi dik: A) Orain ez dela horrela pentsatzen? B)
> Barandiaran oraingoak baino apalagoa zela? C) Oraingoek uste dutela ondoren
> etorriko direnek ez dutela beraiek baino gehiago jakingo?
> 3. Nik ulertzen diat harrobiak Praileaitzek "jan" behar zuen garaian
> indusketa intentsiboa egitea. Baina orain, berriz, harrobiak Praileaitz
> sekula ez jatea erabaki ditek. Horretara, zergatik indusketa intentsiboa ez
> geratu? 
> 4. Nik bekatua azaldu diat, ez bekataria. Hik, ordea, Peñalver defenditzeari
> ekin diok. Zergatik? 
> 5. Are gutxiago ulertzen diat Peñalver defenditu beharra, hik heuk dioana
> egia baduk: "Peñalverrek jasotako agindua izan zen "lehenbaitlehen buka
> zezala". Beraz, badakigu nor den agindua jaso duena baina, nor duk
> agintzailea?
>
> Amatiño
>
> ------------------------------------------------------
>
>
>
>   


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to