Zapatero harri eta zur dugu. Ez omen du ulertzen zer arraio gertatzen ari den 
bere erreinuan. Luis Maria Anson espainiar sutsuak azaldu behar izan dio 
politikagintzan ez dela aski itxurak betetzea; horrez gainera, egin ere egin 
egin behar dela.

           Talante sozialistaren argimutilari argitu behar izan diote zail 
samarra dela mugaldeko abertzaleekin konpondu nahi izatea eta, tartean,  
Katalunian hauteskundeak irabazi zituena oposiziora bidali eta Nafarroako 
gobernua erabakitzerakoan andaluziarrei hitza eman. 

            Larunbatean, Josu Jon Imaz, Artur Mas eta Anxo Quintana buruzagiek 
gogoratu zioten Zapatero harrituari, espainiar estatua egituratzeko beste 
modurik badela eta, hain zuzen ere, Galeuscat osatzen duten hiru alderdi 
abertzaleak gertu daudela estatuaren hizkuntza-, kultura- eta nazio-aniztasuna 
gogoan izango lukeen egitasmoa elkarrekin adosteko,  Bartzelonako 
Adierazpenaren (1998) ildotik.

           Hemen, gure artean, zenbait harrituko da pentsatzen zertara ote 
datorren orain Galeuscat eta Bartzelonako Adierazpena bezalako txikikerien 
defentsa egitea, euskaldunok kontsulta, erabaki ahalmena eta horrelako aldarri 
handi-mandietan murgilduta gauden honetan.

           Horrelakoei gogoratu beharko zaie: 1. Galeuscat 1933an sortu zela. 
2. Bartzelonako Adierazpena ez zutela Imaz, Mas eta Quintana kaskarinek sinatu, 
Arzalluz, Veiras eta Pujol superguayek baino. 3. EBBk hurrengo lau urteetarako 
adostu berri duen txosten politikoak bere egiten dituela Galeuscat eta 
Bartzelonako Adierazpena.

         Segurutik bide luzea ez da azkarrena baina, garai onetako Arzalluzek 
esan bezala, edozein mendigoizalek daki gailurrera heltzeko aldatzik zuzenena 
ez dela sekula aukerakoena.

 

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to