Azken egunotan mortalak eta bi entzun ditugu monarkiaren kontra. Baina
nik, oraindik erdilotan dauden entzuleak esnatzeko baino ez bada ere, borboien
alde egingo dut gaurkoan.
Begira… Ni amerikarra edo banintz, segurutik ez nuke ulertuko euren
burua horren aurreratutzat duten Suediak, Danimarkak edo Espainiak zergatik
jarraitzen duten, oraindik, monarkia zaharkituari eusten.
Espainiar arrunta edo banintz, segurutik nahiago nuke botoz hautatutako
errepublika-presidentea, inork aukeratubako erregea baino.
Eta, Euskadi independientearen hiritarra edo banintz, euskal
errepublikaren mesedetan egingo nuke eta ez, ostera, euskal monarkiaren alde.
Baina, onerako edo txarrerako, ni ez naiz ez amerikarra, ez espainiar
arrunta, ezta Euskadi independientearen hiritarra ere eta, egia esan, espainiar
estatuko jefea beti PPkoa edo PSOEkoa izatekotan, nahiago dut euskal jatorria
duen borboiaren neutraltasun teorikoa.
Eta ez naiz bakarra. Aurreko larunbatean, Debako Euskal Jai egunean,
baserritar jantzitako hiru gazte hurreratu zitzaizkidan, txapela buruan eta
kalimotxoa eskuan. Zer nahi ote zuten eta, adarra jotze aldera edo, gaurko
kronika honetan zertaz aritu behar ote nuen jakin nahi zuten. Eta, egia handiak
esaten diren ordu txikietan, galdetu nien:
--Zuek euskaldun peto-petoak ezta?
Bai, bai. Bai horixe!
--Ez zarete gero monarkikoak izango ezta?
Ez, ez. Ezta batere.
-- Halere, aukeran, zer nahiago: Iparraldeko Sarkozy ala
Hegoaldeko Borboia?
Borboia, borboia nahiago.
-- Eta, zergatik ba?
Ba... ba... Gu moduko parranderoa dalako!
Joño, beti ikasten da zerbait. Horra hor nik gogoan ez nuen beste arrazoi bat.
Amatiño. Goiz kronika. Euskadi Irratia
_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]