Antena-puntaz Portugaleteko zubi zintzilikaria jo arren, Sestao Knutsen 
gasontzia ostiralean itsasoratu zen harro asko. Titanic (275 x 28) ospetsuak ez 
zuen horrenbeste zailtasunik izango, Sestao Knutsen (284 x 42,5) galanta baino 
txikiagoa zen-eta. 

           Julio Caro Barojak esana da: “Euskal Herriak garai oparoak bizi izan 
ditu itsasora begira jarri denetan eta krisialdi latzak, aldiz, bizkar eman 
dionean”. Segurutik horrela da, Sestaoko ontziolen berrikuntza ez da-eta 
krisialdiaren lekuko, euskal industriaren indarberritzearen adierazgarri baino. 

           Sestao Knutsen gasontzia euskal ontziolen tradizioari darion emaitza 
baino zerbait gehiago da, gure ontzigintza ez baita honez gero lehiakorra, 
zurajean, errementaritzan edo galdaragintzan on samarra delako, goi mailako 
teknologia garatzeko gauza delako baino. Murueta eta Ingeletric enpresak ez 
dira nazioarteko merkatuetan nagusituko ontzi ugari sailean egiteagatik, 
banakako bereziak egin ahal izateagatik baino. Tradizioa bai, baina baita 
ikerkuntza eta garapen dezente ere.

 Halere, tradizioari zor zaion atxikimendua ere ez da baztergarri. Ostiralean 
milaka lagun alaitu ziren Ezkerraldean eta pozarren ibairatu ontzi garaua 
ikusteko. Ez da gero berdin egunero hainbat auto, bizikleta edo makina anonimo 
kaleratzea ala lau urtetik behin izen eta guztiko itsasontzi bakarra 
uretaratzea. 

 Anekdotarik ere ez zen falta izan, itsasora bidean ontziaren antenak zubi 
zintzilikaria jo zuenean. Ostiral arratsaldeko itsasbehera 1,64 metrokoa zen. 
Orain astebetekoa, berriz, 0,51 metrokoa. Metro luze hori erabakigarria da 
izkirak hartzeko eta, itxuraz, baita gasontzi erraldoiak itsasoratzeko ere. 
Dena ez da teknologia…

 Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to