Erromako Elizak 1936ko 500 inguru martiri egin ditu dohatsu eta 
santutasun-bidean jarri. Ondo dago martiriak gogoratzea, baita aingerutzat 
jotzea ere. Baina ez dago horren ondo martiriak, beatoak eta santuak 
politikaren arabera egitea. Eta, Eliza Katolikoari, frankistek hormaren kontra 
tirokatu zituzten erlijiosoak ahaztu egin zaizkio: Eskoriatzako parrokoa, 
Arrasate, Elgoibar, Errenteria eta Markinako bikarioak, Zornotzako karmeldarren 
nagusia, Aitzol apaiz eta idazlea eta, gutxienik, beste bederatzi abade eta 
lekaide. 

Memoria txarra ote? Ez, ez... ez da memoria txarraren kontua, memoria onarena 
baino. Espainiako Eliza Katolikoak memoria onegia du eta ez du ahaztu nahi izan 
euskal hamasei erlijioso horien bekatua: bai, frankista ez izanaren bekatu 
larria. Ezin ba horrela zerura joan. 

Sekulakoa gero Espainiako Elizaren alzheimerra: orain 70 urteko gerra zaharra 
ahaztu ezin eta, aldi berean, eguneroko Aita Gurea errezatzen ahaztu: "Barkatu 
gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegun ezkero". Mortala, mortala 
benetan Eliza Katolikoaren mezua: esaidazu nork hil zaituen eta esango dizut 
zerura joaterik merezi duzun ala ez...

Hala ere, jarrera hau ez da Espainiako Eliza ultraeskuindarrarena bakarrik. 
Gure artean ere bada beste horrenbeste uste duen ultraezkertiarrik ere: 
esaidazu nork tirokatu zaituen eta esango dizut merezi zenuen ala ez. Esaidazu 
nork hil dizun aita, senarra edo semea, eta esango dizut, gero, salatzekoa den 
ala ez. Esaidazu nor izan den hiltzailea, hilketa hori giza-eskubideen 
kontrakoa den ala ez jakiteko.

Bai, Espainiako eliza frankistak akolito onak ditu, nonbait, gure artean ere.

Amatiño. Euskadi Irratia.

 

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to