EVEk eta SPRIk 25. urteurrena ospatu dute. Azken urteotan euskal energia, 
industria, azpiegitura, garraio eta zerbitzu publikoen inguruan izandako 
berrikuntzen adierazleetako bi dira. Ez bakarrak, baita EiTB eta beste hainbat 
ere.

Tradizioaren ondareak eta berrikuntzaren erronkak egituratu dute euskal 
administrazioaren leloa. Gizarte modernoa mundura zabalik dago eta zenbait 
kritika politikok besterik nahi arren, Euskal Herria aurrerakoia da. 
Aurrerakoia bai, baina ez azken 30 urteotan soilik, baita bizpahiru mendetan 
ere. Ezin ba meritua oraingo jaurlaritza eta diputazioena bakarrik izan, 
betidaniko herri-erakunde guztiena baino. 

Ezin gero ahaztu, Menéndez Pidal jakintsuak esan bezala, 1765an sortutako 
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea aitzindari izan zela eskolaren zein lanaren 
balorea aldarrikatzen eta, ondorioz, gurean hain ospe txarra duen Cánovas 
ministroak onartu zuela (1877) "en su espíritu administrativo, aquellas 
provincias han sido superiores hasta ahora a otras de la Nación". Era berean, 
frankismoaren prentsa eta propaganda sailean aritutako Fernández Almagro 
akademikoak azpimarratu zuen (1951), XIX mendeko Andalusia ultraerrepublikar 
eta anarkistak jauntxokeriari men egin zion bitartean, "las tradicionalistas 
Cataluña y Vasconia se pusieron a la cabeza del avance industrial". Eta 
Soldevila historilariak ezarri zuen (1952): "Fueron Cataluña y Vasconia, los 
dos ex baluartes del viejo carlismo, aquellas regiones en que más pronto se 
formó una opinión anticaciquil dispuesta a ejercer de modo efectivo sus 
derechos cívicos". 

Ordurako, Caro Baroja jabetua zen (1946) Katalunian eta Euskal Herrian 
gertatutako paradoxa ez zela Europan berria, ez baitziren alferrik britainiar 
tradizionalistak ere izan iraultza modernoaren eragileak.

Tradizio aurrerakoia? Aurrerapen tradizionala? Auskalo, baina jarrai dezala 
beste pare bat mendetan.

 

Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to