Euzko Alderdi Jeltzaleak atzo gomutatu zuen, Sukarrietan, bere 
sortzailearen heriotzaren 104. urteurrena eta, Durangoko azokaren bezperetan 
berriz, aurreko astean aurkeztu zuen Elkar argitaletxeak Jurgi Kintana Goiriena 
historilariak landutako Sabino Arana Goiri. Euzkadiren aita (1866-1903) 
biografia.

 Mikel Atxagaren saio laburra (Bidegileak, 1998) edo izan ezik, Sabino Aranaren 
bizitzaz euskarazko aurrenengo idazlana dugu. Itziar Lakak (filologiaz), Joxe 
Azurmendik eta Esteban Antxustegik (politikaz), Mikel Zalbidek (euskalgintzaz) 
eta Joseba Agirreazkuenaga (historiaz) egindako azterketak badira aurretik, 
baina honako hau da, ehun urteren buruan, lehen biografia osotua. Bada, 
besterik gabe, zerbait.

 Baina besterik ere bada. Jurgi Kintanak azken hirurogeita hamar urteotako 
bibliografia laburbildu du eta zeharo irakurterraza eta irakurgarria den 150 
orrialdeko sintesia egiteko gauza izan da, datu zehatzez, hainbat ekarpen 
berriz, zenbait interpretazio pertsonalez eta, beti ere, maitasun handiz.

 Liburuaren aurkezpenean, Mikel Aizpuru eta Joseba Agirreazkuenaga 
historilariek "orekatutzat" jo zuten Kintana gaztearen emaitza. Ez da gero 
meritu makala, "Jesukristoren pare gurtzeraino goratua" eta "Hitlerren mailan 
jartzeraino gaitzetsia" izan den pertsonaren biografia denez gero.

 Aranak ez zituen, jakina, burujabetza, askatasuna, nazioa, foruak eta 
hizkuntza zaharra asmatu, baina bere garaian pil-pilean eta noraezean zeuden 
kontzeptu guzti horiekin egitasmo politiko eta esparru sinboliko berriak 
sortzeko gai izan zen. Kintanak berak dioenez "egungo abertzaletasunera iritsi 
den bidea Sabino Aranak abiatu zuen, Euzkadiren aitak".

 

Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to