Jose de Arteche zenak aitortu zuen  (De Berceo a Carlos Santamaría, 1968), 
berak neologismotzat jo arren "quirola" XIII. mendeko hitza zela, Justo Garatek 
gogoratu bezala (Euskera XII, 1967) Berceoren olerkietan azaltzen da-eta.

           Egia da Justo Garatek hori esan zuena, egia den bezala hainbat urte 
lehenago Augustin Anabitartek (Euskal Esnalea, 1919) "kirol" hitza erabili 
zuena. Aurretik, berriz, Azkuek bere hiztegian (Diccionario 
Vasco-Español-Francés, 1905) jasoa zuen eta, ordurako, bildua XVI. mendeko 
errefrauetan (Refranes y Sentencias comunes en Bascuence declaradas en Romance, 
1596).

           Garbi dago "kirol" hitza ez dela asmatu berria, zeharo zaharra 
baino. Hizkuntzalariek ez dute honetaz zalantzarik. Baina soziologoek galdetu 
lezakete, ostera, ea zelan arraio "quirola" agertzen den Erdi Aroan, Errioxan, 
kirola ingelesek asmatu bazuten XIX. mendean.

 Kontua da "quirol" hitzak ez duela jatorriz joko edo ariketa fisikorik esan 
nahi, olgeta edo jolas atsegina baino, gaztelaniaz zein frantsesez "deporte" 
berbak Erdi Aroan esangura zuen ildotik. Baina, XIX. mendean, ingelesek "sport" 
hitza berrasmatu zuten joko edo ekitaldi fisikoa adierazteko eta ondoren etorri 
zen antzinako berba zaharraren egokipena frantsesez, gaztelaniaz zein euskaraz.

            Jakinekoa, beraz, zelan izan zen aldaketa historikoa. Auskalo, 
ordea, nor izan ote zen aldaketaren lehen eragilea. Hau da, 1905eko Azkueren 
hiztegian "kirol" hitza jostaketaren sinonimoa zen; 1919an berriz, Anabitartek 
idatzi zuen: euzkotarrak txapeldun dira kirol askotan. Nahiz eta, J. Díaz Nocik 
dioenez, ARGIA aldizkariaren kirol-saila Jolasak deitu 1920ko hamarkadan, eta 
ez Kirolak.

 

             Amatiño

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to