Batek daki gero Kosovok independentziarik lortuko ote duen hurrengo
egunetan. Baina, zer gerta ere,  independentziarik lortzekotan, ez da
behintzat eskubide historikoengatik izango, independentziazaleek
hauteskundeak irabazi dituztelako baino.

        Ez dakit independentzia aldarrikatzerakoan zeintzuk izan ote daitezkeen
argudiorik sendoenak. Baina ez dut uste eskubide historikoak arrazoi
demokratikoak baino garrantzitsuagoak direnik.

        Behar bada Melilla marokoarra da, historiari hola zor zaiolako. Baina,
orduan, zergatik ez Gibraltar espainiarra? Edo alderantziz, Gibraltar
britainiarra baldin bada biztanleek hala nahi dutelako... zergatik ez
Melilla espainiarra?

        Eta zer esan Ipar Irlanda, Quebec edo Nafarroaren kasuetan? Zerk 
agintzen
du? Historiak ala demokraziak? Esate baterako, Quebec-en eskubideak ez dira
historian oinarritzen, gaur egungo biztanleen nahian baizik. Eta, horretara,
Iparraldearen edo Nafarroaren eskubideek zertan oinarritu beharko lukete?
Historian ala gaur egungo biztanleen borondatean?

        Izan ere, euskaldunok eskubideak aipatzen ditugunean... zertaz ari 
gara? Gu
jaio aurreko eskubideez ala orain bizi garenok nahi dugunaz? Eta, nor dira
eskubideen jabe, lurraldeak ala pertsonak? Ba al dago mapa geografikoaren
defentsa tiroz egiterik, bertako hiritarren borondate politikoaren kontra?

        Dena den, Kosovo aipatu eta zenbaiti euskal independentziaren bonbilla
piztu egiten zaio. Baina, Kosovo ez al da ba Serbiarentzat, Euskadirentzat
Nafarroa den bezainbat?

        Amatiño
        Goiz kronika
        Euskadi Irratia

_______________________________________________
Mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to