Printzea, Nikolas Makiavelo-rena, eta Juan Martin Elexpuru Arregi-ren 
itzulpena, Limes saila, EHUk 2008an aterata.

 

            Ez neukan asmorik hau ere leitzeko baina behin baino gehiagotan 
gertatu zait ezustea onerako izatea, ez nago hain lotua nire aurreikuspenei, 
eta euskal bertsioa Elexpuruk egina zela ikustean gogoa bizitu zait. Juan 
Martinen "Bergara aldeko hiztegia" ezagutzen nuen eta hango jakinduriaz 
hornituta lan honetan behar polita egin zezakeela pentsatu nuen, grazia 
aparteko itzulpena egin zezakeela. Ba ez, kontua ez da batuaz egitea, hori 
normaltzat jotzen dut, baina Elexpuruk honetan, nire gustorako, oso erregistro 
estandar-estandar erabili duela, bai, erosoa irakurtzeko, baina alegria 
gutxikoa. Alde horretatik, tira, beste itzulpen bat, edonorena izan zitekeena.

 

            Egin da lehenago liburu honen beste euskaratze bat eta baliteke nik 
ere irakurria izana hor galdutako denboraren batean. Liburu bat, atzerriko 
liburu bat, euskarazko itzulpen bi izatea ez dut uste hain arrunta denik. 
Liburu horrek neuronaren bat ikutzen die euskal letragizonei harrera hori 
izateko. Bai klasiko bat da, baina zer dauka klasiko honek beste batzuek baino 
atentzio gehiago merezi izateko? Sarreran, Iñaki Vazquez Larreak egindako 
horretan, ondo azaltzen dala uste dut eta nik nire berbekin kontatuko dut. 
Horri horiek 1513an idatzi ziren, bostehunean, ez seirehunean, ez 
zazpirehunean, pentsa noiz, eta Erdi Aroa beti erlijioarekin lotu dogula hara 
non honetan fedea, kristau etika... ez dira agertzen. Ez, kontua, inporta dena, 
poterea eskuratzea da, bideek ez diote ardura, ez bada ondorioa eskuratzeko 
tresna moduan. Asmua agintea lortzea eta hari eustea da, nola? Makiavelo plan 
gaizto eta korapilatsuekin lotzen da gaur egun, horixe da makiavelikoa izatea, 
eta ez, liburua irakurrita ikusten da hori ez dela egilearen mezua. Sinplea da 
gizona, ez katramilatsua. Baliteke inor hil, hondatu, izorratu behar, baina 
gure Nikolas zaharrak askotan gomendatzen du onena jendea zintzo, artetsu 
zaintzea dela, horrelaxe egon litezkeelako pozik printzearekin.

 

            Makiavelo bere bizitzan lanbidez "printzeen" aholkulari izan zen, 
eta liburuari bere burua saltzeko, bere jakinduria nabarmentzeko traza hartzen 
diot, "kontrata nazazue" dio azken batean. Eta kontatzen duena gaur egun film 
eta liburu askotan jasotzen dena da: goikoak behekoak izorratzen dituztela, 
gaiztoak irabazi dezaketela, agintariei menpekoak bost ardura diela, tranpak 
egin egiten direla... Gaur egungo teleberrien eta fikzioen eguneroko mezua, 
baina bostehun urte lehenago idatzita. Ehundaka eta ehundaka urtetan kaleko 
gizajoek erlijioaren izenean "fedegabeak" akabatu dituzte "errekonkistetan" eta 
kruzadetan (eta euren lurrak eta diruak ohostu), terrorismoaren kontrako gerren 
kontura pobreak bidali dituzte heriotzara (eta poteretsuak petrolio putxuak 
eskuratzera), komunismo maltzurraren gerra horietan dirudunek beren 
propietateak zaindu dituzte frontean besteak hiltzen ziren artean.

 

            Hori guztiori agintariei aholkatuta zuriaren gainean beltzez jarri 
zuen Makiavelok orain bostehun urte. Baina bera ez zen, inondik inora, beste 
asko eta asko baino zitalagoa, dongeagoa. Izatekotan garbiagoa zen, berak 
idatzi zuelako beste askok ixildu eta egiten zutena, egiten dutena.



                        Imanol.

 

 

 
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to