Orain dela urte batzuk mondegreen pilo bat agertu zen foro honetan. Mondegreen 
hitz ingelesa "mendigreen" euskaratu genuen, gure zerrendakide Xabier 
Mendigurenen omenez. Zenbait mendigreen: Luistxok Aitorren hizkuntz zaharra-ko 
"munduaren aurrean gizonki azaldu" "munduaren aurrean bisontia saldu" bilakatu 
zuen; orain bere alaba Lilik aitarena ezagutu gabe "munduaren aurrean izokina 
saldu" abesten du. Hobe komertzioa gerra baino, esan gabe doa. Leire Narbaizak 
manifa batean "irrintzi bat entzunda" beharrean "irrintzi va que chuta" aditu 
zuen. 

Hain zuzen, "mendigreen" izenaren azpian dagoen Xabier Mendigurenek "irrintzi 
va que chuta" hura "Vikingoen sorterrira" bere azken liburuan txertatu du, 
"Normalak bagina bezala" ipuinean zehazki. Abilki erabili du bertako 
protagonista Felixin aurkezteko orduan. 

Bikainak dira liburuko zazpi istorioak. Badute alde liriko eta delikatu bat. 
Ordea, Mendigurenen bereizgarria begirada eta umore berezi bat da, ez dabilena 
urruti Clement Rosset-ek "terrorista" izendatu zuen umore motatik. 

Protagonistek koherentziaz nahi izaten dute beren jokabidea zuritu, munduaren 
aurrean zein beren buruaren aurrean. Beren hautu etiko eta erabakien oinarrian 
arrazoiren bat, logikaren bat, nahi izaten dute irudikatu. Baina errealitateak 
gainezka egiten die, benetan gertatzen dena absurdoa, gordina, barregarria eta 
negargarria baita, bere mingarrian arrunta eta arlotea, tragikomikoa, eta 
haizea hartzera bidaltzen du edozein logika eta arrazoibide. Ipuinek aurrera 
egin ahala, errealitatearen zartako ilogikoek alferrikako bilakarazten dute 
protagonistek beren burua babesteko eta azaltzeko darabilten logika eta 
zentzuna, bizitzaren funtsak gehiago baitu absurdo krudel irrigarritik 
kausa-ondorio kateamendu ulergarritik baino. 

Gizonki azaldu baino hobe genuke bisontia edo izokina saltzea, hori ere 
onartuko lukete Mendigurenen protagonistek. 

Irakurri, ez zaizue damutuko. 
_______________________________________________
Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   [email protected]
izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)

Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.

Reply via email to