Gaur Berrian, Koldo Zuazo eibartarraren artikulua Juan San Martinen gainean.
Interesekoa iruditu zait. Gure zerrendakide Serafin ere aipatzen du Zuazok.
Online, http://tinyurl.com/9g9z4 , baina gure artxiboetarako interesa
duelakoan, hemen jarraian ere bai. --Luistxo
---
Juan San Martini neure lekukotasuna
Koldo Zuazo
IDAZLEA eta euskaltzain urgazlea Hamasei urte nituen, eta Frantziako 1789ko
Iraultzaz lan bat egiteko agindu zigun Historiako irakasleak. Urrunekoa
egiten zitzaidan gertakaria eta gogoz kontra hartu nuen agindua, baina
pentsatzen jarrita, Iraultza hark Ipar Euskal Herrian izandako eragina
aztertzea bururatu zitzaidan. Banuen, beraz, gogoko gaia, baina nondik hasi
eta nondik jo ez nenkiela nengoen. 1972ko garai hartan ez zen oraingo
Internetik, entziklopediarik eta bestelako bitartekorik. Ez, behintzat,
nire eskura. Bazen, ordea, udalekuak antolatzen, euskaraz idazten eta
gazteekin hartu-emana zuen apaiz bat Eibarren, Jesus Mari Arrieta
donostiarra, eta harengana jo nuen laguntza bila. Bera ez zegoela horretan
jantzita, baina Juan San Martinek lagunduko zidala esan zidan.
Hitzorduaren eguna hurreratu ahala, handiagoa zen nire urduritasuna.
Euskaraz banekien, baina alfabetatu gabe nengoen, eta euskaltzain batekin
hitz egiteak lotsa eta beldurra sortzen zidan. Gainera, hamaika bider
entzunda neukan �euskalgaiztoa� zela Eibarkoa.Juan San Martinen etxera joan
eta berak zabaldu zigun atea. Laneko jantziekin zegoen, traje eta
gorbatarekin, eta ikusi bezain laster agur hauxe egin zidan:
Hi haiz, orduan, Zuazo? Ezautzen jittuat hire gurasuak�Edozein eibartarren
moduan hitz egin zidan: herriko euskaran eta hitanoan. Berehala galdu nuen
beldurra eta berehala askatu zen nire barrena, eta neuk ere herriko
euskaran jardun nuen lasai eta nasai. Historiako lana nola egin esateaz
gainera, beste ikasgai bat eman zidan: hartu-emana gertukoa izango bada,
hizkuntzak ere gertukoa izan behar duela. Irakaslea naiz bizibidez, eta
beti izan dut ikasgai hori gogoan.Garaitsu hartan egin zen euskara batua,
1968an, eta makina bat liskar sortu zen bazterretan. Eibarren, ostera,
patxada handiagoz ikusi zela iruditzen zait. Halaxe gogoratzen dut nik
behintzat. Euskara batuaren aldekoa zen Juan San Martin, eta baita Imanol
Laspiur eta Serafin Basauri ere, Eibarko euskaltzalerik ezagunenak. Sarri
joan nintzen euren hitzaldietara, eta beti, salbuespenik gabe, herriko
euskaran mintzatu ohi ziren. Horixe da haiengandik ikasi nuen bigarren
ikasgaia: euskara batua ezinbestekoa dela, baina herri barruko
jardunetarako bertako hizkera dela egokiena.Dena dela, hitzaldi haietan
erabiltzen zuten hizkera ez zen kalean eta tabernetan egiten zen berbera.
Jasoagoa eta jantziagoa zen, hitzak osorik esaten zituzten, erdarakada
gutxiago sartzen zituzten, eta horixe da haiengandik ikasi nuen hirugarren
ikasgaia: euskalkien barruan ere hizkera mota bi daudela, lagunartekoa eta
jasoa. Eta bihotz-bihotzez eskertzen dut ikasgaia, gaur berton ere
badirelako euskalkia lagunarteko eta taberna giroko hizkerarekin erabat
berdintzen dutenak.Baina euskara batuaren, euskalkiaren eta hizkera
jasoaren gainetik euskara bera dago hemen jokoan, eta joko hori inoiz baino
zailagoa izan zen Franco jeneralaren diktadura garaian. Juan San Martin,
Imanol Laspiur, Serafin Basauri eta beste zenbait lagun izan ziren horretan
ere gure belaunaldikoondako eredua eta iparra. Ozen eta garden agertu ziren
euskararen alde, eta haien atzean ibili ginen ondorengook ere.Joan den
aspaldi luzean nork bere bidetik jarraitu dugu Juan San Martinek eta biok,
bata bestearengandik gertu batzuetan, eta aldenduago besteetan, baina une
eta gune honetan banuen neure zorra aitortzeko gogoa, eta haren senideei
eta lagunei neure dolumina eta elkartasuna erakusteko beharra. Juan San
Martin joan da, baina haren erakutsia barruan daramat.
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]