World Series Bilbon antolatu izanak hainbat kexu sortu du.
Edozein ekimenek beharrezko du kritika eta ez naiz ni auto-lasterketak
defenditzen hasiko, aspergarriak iruditzeaz gainera ez naiz-eta nere
autoaren matrikula eta zilindrada buruz ikasteko ere sekula gauza izan.
Honek ez du esangura, ostera, Bilboko egitasmoaz jabetu behar
ez dudanik, zein testuingurutan eratzen den konturatzen ez naizenik
eta, hain zuzen ere, testuinguru horrekin bat ez natorrenik.
Bilboko antolaketa kritikatzen hasi aurretik jakin beharrekoa
da espainiar automozio-sektorearen %25 Euskal Autonomi Erkidegoan
dagoela eta euskal sektore estrategikoa dela, 280 enpresa (%80 txikiak)
eta 43.700 langile (1993an, 34.100) biltzen dituena. Estrategikoak esan
nahi du apostuak egin behar direla, ikerkuntza, garapena eta
eraberrikuntza suspertu eta, besteak beste, arriskuak hartu,
inbertsioak egin eta aukera berriak kirikatu.
Auskalo Bilboko egitaraua ekimenik onena ote den, baina sikeran
onartu beharra dago World Series lasterketa hau koherente samarra dela
gure industriarekin, ez dela perretxikoa bailitzan nolabaiteko
basamorturen batean sortu alegia. Bilbao Urban Zirkuituaren zergatia
aztertzerakoan ezin ahaztu Azkoitian indarrean ari den Epsilon Euskadi
enpresa-egitasmoa, injinieru bereziak prestatzeko Mondragon
Unibertsitatearen masterra eta orain 15 egun eskas Euskalduna Jauregian
bertan eratutako nazioarteko kongresua automozio elektronikoaz.
Gero eta merkatu globalduago honetan, euskal industriaren
etorkizuna gure lantegiek garatu dezaketen balio erantsiari atxikia
dago. Eta balio erantsi hori ez da sailean egindako berebil merkeetan
sustatuko, puntaren puntako goi-teknologian baino.
Beste kontua bat da zirkuituaren zaratak eta eragozpenak
kristorenak ote diren, edota Bilboko ostalaritzari mapa mundian
agertzea komeni ote zaion. Baina, zer gerta ere, ukaezina da gure
BPGren %16 automozioari zor diogula, onerako nahiz txarrerako.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]