Aupa Oier (Bikondoa), ondo ulertu neban zure mezua eta baita zure
argumentu nagusi bixak nuklearraren kontra egoteko. Mezua asko gustau
jatan gainera. Egindako puntualizazio edo matitzazioak onak dira, dana
dala ez nago esaten dan guztiarekin ados, eta hori eztabaidagarriak
direla onartuz. Barkatu lenau ez idaztia, baina barixakutik gripiakin
egon naiz ta gaur nator berriz bulegora, ta lenau Sabinenakin pare bat
mezu idatzi nittuan, ta denbora gutxi dakat, ta konputadoria buleguan
bakarrik, ta...
1. Arriskutsua da. Hartu beharreko babes neurriak ikaragarriak dira
(azken produktuaren garestitzera daramana). Eta gerra edota terrorismo
egoera batian, zentralak objektibo militar edo terrorista bihur
daitezke. Babes neurri teknikoetaz gain, babes militarren beharrean. Sua
erabiltzen ikastiakin alde piskat dago.
2. Kyotokoa ez dakit horrela dan. Irakorria dut nonbait Kyoto protokoloa
betetzeko alternatibetatik kanpora utzi dutela erauzketa kontuagatik.
3. Hobe zentral inguruetan bizi direnentzat horrela balitz. Zoritxarrez,
zentral askotako inguruetan kutsadura mota hori aurkitzen da. Orduan,
bixetako bat, edo ohikeriaz beraiek dosi bajuko isurketak egiten dituzte
(tximiniatako gasarekin batera), edo aipatzen ez diren istripu txikiak
gertatzen dira, ohikeriaz.
4. Garestia da. Erreaktore nuklear bat eraikitzearen prezioa
estratosferikoa da. Inbertsioa, multinazional handiek bakarrik egin
dezakete, gobernuen laguntzaz. Gero bai, sortutako kW kopurua ere
estratosferiko edo ionosferiko izan daiteke, baina nere iritziz,
kontutan izanda hondakinekin dagoen arazo eta irtenbide eza, eta babes
neurrien areagotze etengabea, bere benetako prezioa Pierre Morvanek
jartzen duenetik askoz gorago dagoela (infinitotik gertuago prezio
horretatik baino).
5. Uranio-238 ustiatzeko bidea hartzeko arrisku hori hor dago. Posible
da horrekin aurrera egitea, eta posible baita ere 100 urte baino gehiago
irautea, baina...zenbat gehiago? zenbat meatze ireki behar dira, zenbat
zauri berri jada egoera kaxkarrean dagoen planetari? Erauzketa
makineriaren energi iturria zein izango da? Robotek egingo al dute lan
toki osasungaitz horietan? edo gizateriak aurrera egingo al du ohiko
esklabutza sistemarekin? Ez al dugu inoiz hobetu behar?
6. Arrazoi osoa daukazu. Bietan isurtzen da CO2 gasa. Bien artean ordea,
kuantitatiboki egin ezkero konparaketa hori alde nabarmena dago. Plaka
baten materialeak birziklagarriak izan daitezke, horretaz gain bizitza
luzea daukate. 35 urtetako plaka fotovoltaikoa martxan ikusia dut
(garaiko eraginkortasunarekin, baina funtzionamendu onarekin, ondo
amortizatua).
7. Militarrei buruz...hobe ezer ez esatea, eta Chirac bezalako
politikoez gutxiago. Kuriositate bezala, esan behar, orain dela gutxi
eskuratu dudala Geiger kontatzaile bat (erradioaktibitate neurgailua)
eta AEBetako enpresa batek egina izaki, inkesta oso xelebrea bete behar
izan dudala, bonba nuklear, kimiko edo interes terroristetatik at
nagoela ziurtatzeko (yankien gauzak).
Eta bukatzeko. Nik ere zalantza berberak nituen energia berriztagarrien
%100eko bideragarritasunarekin. Baina, aipatu nuen Scheer-en liburu
horretan, datuak, estrategia posibleak, eta hurrengo urteetarako
pronostikoak ere agertzen dira...liburu bikaina. Eta zalantzok pikutara
bidali nituen. Interesa euki ezkero lagatzeko moduan dakat.
Berriztagarrien aldeko borroka, gizakiaren superbizitze baketsu eta
osasuntsuaren aldeko borroketako bat da/./
Agurrak eta ondo bizi,
Prontxio.
--------
Oier Bikondoak:
Kaixo,
Nuklearra dela eta ez dela, hor gabiltza. Gaur egun, arrazoi askorengatik,
uste dut jende gehiena nuklearraren kontra gaudela, baina askotan, uste
okerrak ditugu.
1. Arriskutsua dela: bai... eta ez. Suarekin gertatzen den bezala: izatez
arriskutsua da, baina segurtasun handiz erabili dezakegu. Erreaktore bateko
erreakzio nuklearra nola kontrola daitekeen, eta behar den teknologia ondo
ezagutzen da gaur egun, eta baita Txernobilekoa gertatu baino askoz lehenago
ere. Txernobilen gertatutakoa erraz sahiets zitekeen langileek
segurtasun-arauak jarraitu izan balituzte (ikus Wikipedia, adibidez).
Zentral nuklearrak (berrienak behintzat), segurtasun-sistema hirukoiztuak
dituzte, hau da, bat ez badabil, beste bat jarriko da martxan eta hori ez
badabil, beste bat. Eta hiru horiek ez badabiltza ere, beste neurri batzuk
erabiliko dira istripu larririk gerta ez dadin. Hori da teoria behintzat.
Zentral nuklear baten segurtasunari buruz dokumental interesgarri bat hemen
ikus daiteke: http://www.vega.org.uk/video/programme/67 (Real Player behar
da).
Hori bai, dena ez da perfektua, eta zerbait ez badabil ondo... ba istripu
larriak gerta daitezke (Three Mile Island, EEBB-tan:
http://en.wikipedia.org/wiki/Three_Mile_Island). Kontsolamendua: istripu
bakoitzarekin gehiago dakigu, eta zailagoa da istripuak berriz ere
gertatzea.
2. Zikina: ba bai, baina zentralek negutegi efektua ez dute handitzen...
beraz Kyotoko akordioa betetzeko egokiak dira. Eta sortzen den zaborra,
bolumenean, oso txikia da, baina arriskutsuak oso. Hondakinak, 100000 urte
baino gehiago izan daitezke erradiaktiboak. Gaur egun ez dago modurik
hondakin hauek tratatzeko, eta zaila izango da modu egokirik aurkitzea.
Hondakinen parte haundi bat birziklatu (birpurifikatu) eta birerabili egiten
da gaur egun.
3. Osasunerako kaltegarria: erradiaktibitatea kanpora igor ez dadin,
zentralek horma bikoitzak eta hirukoitzak dituzte, fluido zirkuitu itxiak
etab. Ez da egia zentralek " ohikeriaz" igortzen dutenik. Istripuengatik,
edo zabarkeriagatik, bai, gertatu izan dira igorpenak.
4. Garestia: ez. Izatez, zentral nuklearretan ekoiztutako elektrizitatea,
merkeenetakoa da, gastu guztiak kontutan hartuta (eraikuntza,
erregaia/uranioa, zentralen desegituraketa). Adibide bezala, kostuak (euro
zentimotan, kilowatt orduko): eolikoa (5.0-13.0 artean), hidraulikoa
(2.0-10.0), fotovoltaikoa (eguzki panelak: 25.0-125.0), nuklearra (3.2-3.5),
ikatza (3.7-4.0), ziklo konbinatua (3.3-4.3). (Datuak: Pierre Morvan:
Nucleaire, les chemins de l' uranium).
5. Berriztagarria bai ala ez: hondakinen parte haundi bat birziklatu egiten
da eta uranioa oso ondo profitatzen da. Purifikazio teknikak aurrera doaz
ere, eta badirudi 2030. urterako, uranioaren 238 isotopoa "erreko" duten
zentralak eraikiko direla (gaur egun aukera hori aztertzen ari dira). Uranio
238-a, 235-a baino askoz ugariagoa denez, Asierrek aipatutako 100 urteko
muga hori aise gaindituko litzateke. Naturan, uranioaren %0.71-a U235 da,
eta U238-a, %99 baino handiagoa.
6. "CO2a_ sortzen duelako: lehengaiaren erauzketa eta garraioak
petrolioaren deribatuen menpe daude." Kritika berdina egin dakioke beste
energia motei ere, ez al da (eraustutako) metalik behar panel solarrak
egiteko? Ez al dira nahi diren lekuetara eraman behar (kamioiez)?
7. Erabilera militarra: egia da, energia nuklearra sortzeko erabiltzen den
teknologiaren gehiengoa, armak egiteko ere erabili daiteke eta erabiltzen
da.
Energia nuklearra, U238-a erretzen duten zentralak asmatzen badira,
(ia)-jasangarria izan liteke oso epe luzerako. Baina arrazoi asko daude
nuklearra ez erabiltzeko, garrantzitsuenak (niretako): hondakinena eta
arriskuarena. Bi arrazoi horiek nahikoak dira nuklearra alde batera uzteko.
Aukera bakarra energia berriztagarriak direla, nik ez dut % 100 argi.
Etekinaren problema daukagu: energia berriztagarrietatik atera daitekeen
etekina nahiko txikia da. Adibidez, gaur egun, Amatinok aipatu bezala, ez
ditugu behar beste soro Euskal Herrian beharrezkoak diren eguzki panel
guztiak jartzeko. Eta bagenitu ere, eguzki panelendako, bateriak beharko
genituzke egunez lortzen den energia gordetzeko. Eta bateriak egiteko
materialak lortzeko, erauzketak beharrezkoak dira, etab.
Nik uste energia berriztagarriak ahalik eta gehien erabili behar direla,
baina ziurrenik fosilak ere erabiltzen jarraitu beharko genituzke, ahalik
eta gutxien, eta guztiz beharrezkoak diren kasuetarako soilik
(hegazkinak...). Ahaztu barik kontsumoa ere gutxitu beharko genukeela, etab,
etab. Energiaren geroa, eta energia problemen irtenbidea, fusioa izango dela
dirudi (ITER projektua: www.iter.org).
Oier
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]