Anjel Lertxundiren zutabea gaur Berrian: Etxe Zuria

Luzapenarekin blogean:
http://www.berria.info/blogak/lertxundi/index.php?blog=14&title=etxe_zuria_2&more=1&c=1&tb=1&pb=1

Herenegun, tortura zaharraren irudi berriak ostera Abu Graiben. Espero zitekeen bezala, Etxe Zuriak ohiko jarrera hartu du: mezulariari eman dio kulpa ('irudien argitalpenak iritzi publikoa sutzeko soilik balioko du'), eta ez Etxe Zuriak berak han eta hemen atzo eta gaur babesten duen torturatzaileari, ez baita bere burua zigortzen hasiko. 'Gardentasunez jokatzen dugu' ere esan du Etxe Zuriko bozeramaileak eta gardentasunari esker, estatubatuarrek ez dituzte irudiok ikusiko. Esaera zahar asmatu berriak zuzen dio: Etxe Zurian ziegak beltz.

Herenegun berean, irudi zitalak amorrazioaren ninietan nituela, beste zerbaiten bila hasi behar izan nuen hiztegian. Kasualitateak hala nahita, asuntoaren giltza izan litekeena aurkitu nuen Justo Garateren kontribuzio lexiko batean: etxe zuria: lenocinio en Eibar. Alegia, etxe zuria putetxea omen dela Eibarren.

Eta Washingtonen?

Oharrak (post scriptum)

­Orain arte argitaratu ditudan ohar apurrak erantzunen sailean sartu izan ditut. Gaurtik aurrerakoak hemen joango dira, artikuluaren azpian, sarelariarentzat erosoago gerta dadin. (Sarelaria atera zait internautaren ordainetan. Eta zergatik ez?)

­Etxe zuria putetxea ere bazela aurkitu nuenean, Zakilixut-ekin gogoratu nintzen. Eta egun berean ­atzo­ Olagariarekin topo egin nuen Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegiari buruzko ekitaldian. Aurkikundearen berri eman nion. Uste dut laster ikusiko dugula Zakilixut Etxe Zuriren batean beheko herdoilak kentzen…

­Putetxe esateko etxe zuria Eibarren. Noizkoa ote da espresioa? Donostiako Etxe Maite famatuaren parekoa al da Justo Garateren kontribuzioa? Eibar aldean egon ote zen Etxe Zuri izeneko putetxerik?

­Onkeriazko ohartxoa: 'Hau putetxe bat da!' esaten dugunean, badirudi mespretxua putengana bideratzen dugula. Etxea, ordea, ez da sekula putena


_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to