Modako filma ikusi dut asteburuan, Brokeback Mountain. Lehen zatian, Joe
Aguirre bat agertzen da, artalde-jabea, gaiztoarena egiten. Fortuna
egindako euskal artzain bat, pentsa dezakegu.
Nik ezagutu nuen Joe Aguirre bat, Ameriketan artzain izandakoa. Jose Agirre
idatziko genuen gaur hemen, eta Joe Aguirre izango zen han, Jesus guztiak
Jess bihurtu ziren bezala Nevada edo Kaliforniako abeltzaintzan. Jose
Agirre hau, Idahon artzain izandakoa, handik bueltan Eibarko Alfan atezain
izan zen. Nire ingelesezko irakaslea izan zen, Katukale gaur egunean dagoen
etxearen gainean bizi zen Agirre, eta han hartzen nituen partikularrak
gaztetxoa nintzela.
Ingeles apur batekin moldatzen banaiz gaur egunean, hari zor diot nik hori,
neurri batean.
Jose Agirre Mallabiko baserritarra zen. Neure ama bezala. Amak umetan
ardiak zaintzen zituen, artaldeko guztiak ezagutzen zituen, berak jarritako
izenekin. Josek ere izango zuen Mallabian ganadu edo ardiekin esperientzia,
Ameriketan jaten eman ziona.
Hil zen Jose Agirre. Haren semea Josan, tabernari izan zen urteetan
Txirio-Kaleko Herriko Tabernan. Aspaldi ez dudala ikusi, baina lepoan
tumorea izan ei du eta entzun dut hor dabilela, operazioaren ondoren,
eztarritik berba egiten ikasten.
Brokeback Mountain ez da artzain euskaldunei buruzko film bat, baina
aitzakia eman dit asteburuan ikusi izanak, aste honetan Irutxuloko Hitzan
entregatu behar nuen zutabea kontu honekin idazteko. Blogean ere kargatu
dut: http://www.eibar.org/blogak/luistxo/eu/500
Filma ez zitzaion nire emazteari gustatu, baina neuri ona iruditu zait.
Luistxo
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]