Saint Michel
Egunon. Saint Michel Mendian nago, Normandia eta
Bretainiaren arteko mugan, itsasoz inguraturik orain mila urte beneditarrek
eraikitako abatetxean. Badakizue, maria gora eta maria behera, itsasoak hamalau
metroko gorabehera egiten duen hondartzan...
Urtero hiru millioi turista
etortzen dira bazter honetara, Euskal Herri guztira baino gehiago. Kontua da,
ordea, turismo ugari hau honaino etortzen dala Saint Michel Mendia urez
inguraturik ikustera eta, hain zuzen ere, turismoa erakartzeko egindako zubi eta
aparkalekuen eraginez, itsasoa gero eta gehiago ari dala urruntzen. Betikoa,
turismoak berak dihardu turismoaren urrezko arrautzak apurtzen.
Arazoa konpontzeko zer
egingo eta... ingeniari-taldea hamar urtez jardun da irtenbideren bat asmatu
gurarik eta baita asmatu ere: harresiak eta aparkalekuak kendu, ibai-korrontea
bizkortu eta itsasbeherako indarra
erraztu... Bost urte iraungo dute lanek, 164 milioi euroren aurrekontuaz.
Benetan pozteko erabakia
da, beti ere pozgarria da-ta erruak aitortzea, txarto eginak konpontzea eta
naturari bigarren aukera eskaini nahi izatea. Baina, hala ere, onartu beharko
inork ez lukeela horrenbesteko inbertsiorik egingo bertako etorkizun turistikoa
kinka larrian ez balego.
Urak ingeniariek esandako
moduan mugitzen baldin badira, 15 urte barru Saint Michel egiazko uhartea izango
da berriro, eta urtero bost milioi turista etorriko dira.
Inork ez du esaten zelan
arraio sartuko diren astero ehun mila turista, buelta osoa emateko hamar minutu
besterik behar ez duen arkaitz-punta honetan, baina hori hamabost urte barruko
Goiz Kronikakoek kontatuko dizuete.
Bitartean ni banoa, maria
gora dator eta...
Amatiño
2006.10.03
_______________________________________________ Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]
