Larunbatean ospatu zen, Gernikan, Jose Antonio Agirreren lehendakaritzapean 
osatutako lehen Jaurlaritzaren 70. urtebetetzea. Astebete aurretik aurkeztu 
zuen, Bilbon, Ludger Mees historialariaren “El profeta pragmático. Aguirre, el 
primer lehendakari (1936-1960)” biografia eta irailean bete ziren 50 urte 
Agirreren beraren eraginez eratu zela, Parisen, Lehen Euskal Mundu Kongresoa.  

 

Ludger Mees irakasleak burututako biografiak ez ditu, segurutik, irizpide 
politiko guztiak asetuko. Ez etsai amorratuak, ezta zale liluratuak ere. Baina, 
esanak esan,  inork ezin izango dio behintzat Agirrerekiko zorroztasun eta 
maitasunik ukatu. Meesen ekarriari jaramonik egingo badiogu, aurrenengo 
lehendakariak ez zuen beti asmatu baina, akats guztien gainetik eta mitifikazio 
guztien azpitik “fue el político vasco más popular, respetado e influyente del 
siglo XX”. 

 

Agirre lehendakariak ez zuen, ez, beti asmatu, baina berak ordezkatzen du 
euskal abertzaletasunaren aurpegirik modernoenetakoa. Berak eta bere lankideek 
duela 50 urte landu zituzten orain pilpilean ditugun abiapuntu politikoak: 
nazio zibikoa eta aniztasuna; europar batasuna eta nazioarteko elkartasuna; 
giza-duintasuna eta mehatxurik eza; burujabetza partekatua eta 
interdependentzia... Zoritxarrez, ostera, klandestinitatean aritu beharrak ez 
zuen belaunaldiarteko zubigintzarik erraztu. Alderantziz, auskalo gero ez ote 
dugun Francori esker pare bat belaunaldi alferrik galdu…

 

Hala ere, gauzak guztiok nahi bezala gertatzen baldin badira, datozkigun 
garaiak aproposak izango dira Agirreren doktrina berriro indarrean jartzeko: 
helburutan irmo eta urraspidetan malgu. Jarrera bikoitz honi datxeko Ludger 
Meesen biografiaren titulua. Igarlea, nondik norakoa gogoan izateko, eta 
praktikoa, eguneroko ahalmenak bideratzeko.

 

Agirre gai izan zen, besteak beste, familia politiko kontrajarriak egitasmo 
bateratuaren inguruan elkartarazteko. Eta, orain ere, Agirrerenak egiteko gauza 
denak etorkizuna asmatuko du.

 

Amatiño

_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]

http://www.eibar.org/zerrenda

harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]

Reply via email to