Zine-aretoetan ikusgai izan dugu Al Goreren An inconvenient truth
dokumentala. Una verdad incómoda gaztelaniaz eta «Une vérité qui dérange»,
frantsesez. Hau da, ingelesez «egia desegokia», gaztelaniaz «egia deserosoa»
eta frantsesez, berriz, «egia asaldagarria». Titulu frantsesa da egokiena,
hori da-eta filmeak egin nahi duena: asaldatu.
Al Gore Estatu Batuetako lehendakari-ordea izan zen Clintonen gobernuan
eta, 1999an, hauteskundeak galdu zituen Bushen mesedetan. Lehendakari-orde
zela Al Gorek negoziatu zuen Kiotoko protokoloa, gero Estatu Batuek sekula
sinatu nahi izan ez dutena.
Al Gorek klima-aldaketaren arriskua azaltzen digu edonork ulertzeko
moduan
eta, horretarako, teknika amerikarrak erabiltzen ditu. Helburua informatzea
da, bai, baina, informazioaz jabetzeko, jendeak pantaila aurrean egon behar
du ordu terdian eta, ikusentzuleak ihesik egin barik iraun dezan, hizlariak
entretenitzen jakin behar du. Zentzu honetan, dokumentala Al Goreren showa
da. Ingurumenaren defentsan, baina showa.
Dokumentalak ez du, behar bada, ezer berririk esaten. Gai honetaz
dakienak
ez du segurutik ezer ikasiko. Baina, hala ere, zer pentsa eragiten du.
Kontrakoak ahultzen ditu, eszeptikoak konbentzitu, aldekoak indartu eta
guztiak erabat asaldatu.
Lau dira dokumentalaren mezurik garrantzitsuenak. Bat: oraindik ez da
beranduegi. Bi: Kiotoko protokoloaren aldeko guztiak ez dira lobby
nuklearraren morroi. Hiru: politika ez da lar mugituko jendearen eragina
sumatzen ez den artean. Lau: aldi berean, guztion erantzukizuna da. Ez dago
dena politikaren bizkar lagatzerik. Gutako bakoitzak badu zer eginik. Eta
egunero, gainera.
Hala ere, filmeak astebete eskas iraun du euskal hirietan eta ezer gutxi
banatu da herriz herri. Beraz, gai guztiz garrantzitsua omen baina.... ezin
ba zinera ez doan ikuslerik asaldatu. Aspaldiko abade zaharrarena: mezatara
joaten ez zirenen kontra sekulakoak esaten ei zituen... mezatara joaten
zirenen aurrean.
Amatiño
_______________________________________________
Adi gero, mezuak bidaltzeko: [email protected]
http://www.eibar.org/zerrenda
harpidetza eteteko: [EMAIL PROTECTED]